Gizartea -

Kongresua

Espainia Europako herrialde "seguruenetakoa" da

Kriminalitate-tasa azken hamarkadako baxuena den berri eman ostean egin du Rubalcabak baieztapen hori. Poliziak eta Goardia Zibilak 1.777.465 delitu eta falta bildu zituzten 2009an.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroak kriminalitate-tasa (delitu eta falta kopurua mila biztanleko) jakinarazi du Kongresuan. 2008ko datuekin alderatuta, % 3,7 behera egin du tasak, azken 10 urteetako baxuena izanik.

Rubalcabaren hitzetan, datu horiek agerian uzten dute Espainia Europako herrialde "seguruenetakoa" dela, europar batez bestekoak baino 23,3 puntu gutxiago baititu. Eta are baxuago izango litzatekeela gaineratu du, 2007tik % 163 gora egin duten trafikoko delituak aintzat hartuko ez balira.

Guztira 1.777.465 delitu eta falta zenbatu zituzten iaz, 2008an baino 80.731 gutxiago. Aipagarria da, ondarearen aurkako arau-husteak (% 7,4) eta ebasketa faltak (% 5,1) jaitsi egin direla.

Barne Ministroak eskainitako kopuruak (45,8 arau-hauste penal mila biztanleko, 2008an baino 1,8 puntu gutxiago), Poliziak eta Goardia Zibilak tramitatutako salaketak kontuan hartzen ditu.

Emakumeen aurkako indarkeria, lapurretak, haur-pornografia

Emakumeen aurkako delituek "gutxi samar" egin dutela gora zehaztu du Rubalcabak, izan ere, 2009ko % 2,8ko igoera aurreko urtekoaren erdia da.

Bestalde, lapurretek 1,6 puntu behera egin dute, hain zuzen, 15,9 delitu hamar mila biztanleko. Hilketa kopurua ere jaitsi egin da, orain dela hamar urte baino ehun pertsona gutxiago hil dituzte.

Barne Ministroak, halaber, Estatuko Segurtasun Indarrek egindako atxiloketen zenbait datu eman ditu: haur-pornografiarekin eta adingabeen ustelkeriarekin zerikusia dutenak (443 atxilotu) eta drogekin (2008an baino 58.313).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea