Gizartea -
'Marta del Castillo' auzia
Martaren gorpua non dagoen ez dakiela esan du Carcañok
Carcañoren neska-lagunak gorpuaren balizko kokapen berri bat iragarri du. Neskaren arabera, Carcañok esan zion hilotza "arboladiaren atzean" bota zuela.
Erredakzioa
Biktimaren gorpua non dagoen ez dakiela esan du gaur Miguel C.D. Marta del Castillo gaztearen hiltzaile aitortuak. Aurretiazko saioan erantzun duen galdera bakarra izan da.
14 orduko iraupena izan duen saioaren amaieran, deklaratu nahi ote zuen galdetu dio epaileak Carcañori, eta akusatuak ezetz erantzun dio, eta orduan magistratuak "galdera bakarra egin nahi" ziola esan dio: "Non dago Martaren gorpua?".
"Ez dakit", erantzun dio Miguelek soilik, auzian izan diren abokatuek kazetariei azaldu dietenez.
Epaileak aurretiazko saioa egitea erabaki du gaur, epaimahai baten eskuetan auzia utzi baino lehen. Lau akusatuak bertan izan dira. Fiskalak 5 eta 52 urte bitarteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu auzipetuentzat.
Carcañoren neska-laguna
Gainera, Miguel Carcañoren (Marta del Castilloren hiketa aitortu zuen mutila) neska-lagunak baieztatu du Poliziaren aurrean egindako adierazpena; horren arabera, biktimaren hilotza bere etxetik gertu dagoen arboladi batean bota zuen, alegia, orain arte bilatu den lekuetatik 600 bat metrora.
Gazteak orain esan duenez, Francisco Molinos abokatuaren esanetan, Miguel Carcaño hilketa aitortu zuen mutilak Martaren gorpua "zuhaiztiaren atzean" bota zuen, Camasen (Sevilla) duen etxetik gertu.
Neskak hasiera batean esan zuen ez zekiela ezer hilketari buruz, antza, Francisco Javier D.M.k (Carcañoren anaia) mehatxua egin ziolako; horrela azaldu du kontraesana.
Gaur, ostirala, aurretiazko saio bat izan da Sevillako Epaitegietan, Zinpekoen Epaimahaira jo aurretik.
Saioan Rosalia G.M. ere izan da lekuko bezala adierazpenak egiten (Martaren hilketa eta bortxaketa egotzita adin txikiko atxilotuaren ama); berak esan duenez, bere semea 23:30ean heldu zen etxera eta ez zen handik berriro irten.