Gizartea -
Emakumeen aurkako erasoak
Sexu erasoek % 6,9 eta matxistek % 32,6 igo ziren 2009an
Medikuntza Legaleko Euskal Institutuak 202 proba egin zituen, 2008an baino 13 gehiago. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azterketa mediko horiek epaiketetan "proba baliotsuak" direla uste du.
Erredakzioa
Medikuntza Legaleko Euskal Institutuak sexu erasoekin lotura zuten % 6,9 azterketa mediko gehiago burutu zituen 2009an, hain zuzen, 202 proba egin zituzten, 2008an baino 13 gehiago.
Carlos Cubero Institutuko zuzendariak eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak zehaztu dutenez, 2.580 indarkeria matxista kasu izan ziren, % 32,6 egin zuten gora 2008ko datuekin alderatuta.
Datuak txarrak badira ere, beraien alde baikorra dutela uste du Mendiak. Izan ere, azterketa mediko horiei esker, emakumeek beraien erasotzailearen aurkako "proba baliotsuak" dituzte epaiketetan.
% 8,9 jaitsi dira Gipuzkoan
Herrialdeko banaketari dagokionez, hazkuntza nagusia Bizkaiari dagokio (% 64,3). Araban ere, eraso kopuruak gora egin zuen (% 32,9) eta Gipuzkoan, berriz, % 8,9 gutxiago izan ziren.
Medikuntza Legaleko Euskal Institutuak, guztira 30.749 adituen probak egin zizkieten prozedura judizialetan zeuden pertsonei, batez beste 84 proba egunean, eta 2008an baino % 3,48 gehiago.