Gizartea -

SAN SEBASTIAN EGUNA

Donostia, danborrada 'berezia' hartzeko prest

Urtarrilaren 18an ekingo zaio aurten festari: egun horretan San Telmo Museoan harrera berezia egingo zaie danborradako hainbat ordezkariri. Kultur hiriburutzarekin lotutako ekitaldia izango da.

Danbor hotsak nonahi, Donostian

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Sebastian eguna ate-joka da, eta Donostia danborradaren prestaketa lanetan murgilduta dago. Urtarrilaren 20an 16.459 lagunen danbor hotsek hartuko dute Gipuzkoako hiriburua, 135 taldetan banatuta. Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzetan, aurtengoa "berezia" izango da, Donostia 2016ko ekitaldiekin bat egingo duelako ospakizunak.

Goiak prentsaurrean aurkeztu ditu aurtengo danborradaren xehetasunak. Alfonso Gurpegi zinegotzia, Gaztelubide eta Union Artesanako ordezkariak, eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendaria ere aurkezpenean izan dira.

4.328 danbor-jole, 10.593 barril-jole, 1.400 kantinera, gastadoreak, heraldoak eta fusileroak izango dira protagonista nagusiak San Sebastian egunean, 2.500 musikari baino gehiagok lagunduta.

Berrikuntzak

Urtarrilaren 18an ekingo zaio aurten festari: egun horretan, 19:30ean, San Telmo Museoan harrera berezia egingo zaie danborradako hainbat ordezkariri. Kultur hiriburutzarekin lotutako ekitaldia izango da.

Eta, beti bezala, San Sebastian egunean, 00:00 puntuan, ohiko bandera igoerarekin lehertuko da festa. Mendizabalen iritzian, inoizko ‘ikusgarriena’ izango da aurtengoa.

Donostiako banderaz gain, aurten ikurrina eta Europako banderaren igoera eta jaitsiera egingo dira,   modu berezian apaindutako Konstituzio plazan.

Igoera ekitaldiko berrikuntzen artean, Errenteriako eta Irungo musika banden parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek. Ohiko doinuez gain, Europako ereserkia  interpretatuko da.

Umeen danborraden ordezkariak ere, lehen aldiz, taula gainean izango dira,  eta Kresala dantza taldeak koreografia berria estreinatuko du.

Jaitsiera  ekitaldian  magia ikuskizun bat izango da aurtengo nobedadea. Europako bandera ikusgarri baten argiztatzea ere ikusiko da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Danborrada 2024 Donostia albisteak Donostia 2016 argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa