Gizartea -

Indiako ozeanoan

'Txori Argi' atunontzia, ur seguruetarako bidean

Patroiak adierazi duenez, arrantzan ari ziren ingurua "ustez segurua" zen eta orain "lasaiago" dauden arren, "piratekin berriro topo egiteko beldur" dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bermeoko Inpesca enpresaren Txori Argi euskal atunontziak piraten erasoa jasan du, baina ihes egitea lortu du. Gertakaria Seychelle uharteetako irla nagusienetik 80 miliatara jazo da, 10:00ak aldera.

Ontziko segurtasun-langileei esker erasoa uxatzea lortu dute. Tiroketa izan den arren, zorionez, ez da zauriturik izan eta tripulazioa onik atera da.

Adierazpena

Jokin Galarteak, (erasoa pairatu duen atunontzia dagoen eremuan ez dagoen Txori Gorri ontziaren tripulazio bateko kideak) jakinarazi duenez, piraten ontzi inudea ikusi dute euren itsasontzitik 8 milatara zegoenean.

Piratak, bi txalupatan, Txori Argi ontziari jarraitu diote 23 korapiloko abiaduran. Bermeoko atunontzia ihes egiten saiatu da eta mila batera zeudenean hasi da tiroketa.

Ontziaren segurtasun-langileek erasoa uxatzea lortu dute, tiroka hasi zaizkienean, piratek amore ematea erabaki dutelako.

Galateak adierazi duenez, tripulazioak "ezusteko izugarria hartu du, baina arriskutik kanpo dago".

Porturako bidean

Txori Argi atunontziak Seychelletarako bidea hartu du, arrantzan non arituko den erabakitzeko. Izan ere, bi egun daramate lanean eta ez dute asko arrantzatu.

Santi Gamboa ontziaren patroiak adierazi duenez, tripulazioa 29 lagunek osatzen dute. Horietako 14 galiziarrak dira, hiru (patroia barne) euskaldunak eta besteak Ghana, Senegal, Madagaskar eta Seychelletakoak dira. Gamboak egindako adierazpenen arabera, orain "lasaiago" dauden arren, "piratekin berriro topo egiteko beldur" dira.

Ustez inguru segurua zen

Arrantzan ari ziren ingurua "ustez segurua" zela azaldu du Patroiak, Seychelleetako portutik hurbil zegoelako. "Gaur ezin izan dugu lanik egin eta bihar, pentsa zelako lasaitasunarekin arrantza egingo dugun", adierazi du.

Bai Gamboak, bai tripulazioko beste kideek euren senideei deitu diete erasoaren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea