Gizartea -
Ikasgela digitalak
Eskola 2.0, ordenagailuak eta arbel elektronikoak ikasgeletan
Hezkuntza sailburuaren hitzetan, "informatikako geletik ikasgela informatizatura" jauzi egin da. 10 eta 11 urte bitarteko, 18.000 ikasleen ikasketetan aurrerapauso handia da proiektu hori.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak eta Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak Eskola 2.0 proiektua ofizialki aurkeztu dute Iruneko Lehen Hezkuntzako Dunboa ikastetxean.
Bere Exekutiboak norberaren neurrira egindako eta mundu digitalera irekitako hezkuntza sustatzea jomuga duela zehaztu du lehendakariak, horrela, "ez da inor atzean geratuko". Aldi berean, euskararen alde egingo dute Interneten, hain zuzen, "gure hizkuntzan materialak eta jarduerak gehituko" dituztela esan du Patxi Lopezek.
Celaak "itzulerarik ez duen une garrantzitsutzat" jo du egitasmoa, izan ere, "informatikako geletik ikasgela informatizatura" jauzi egin da.
Berdintasunean eta ezagutzan inbertituz
Eskola 2.0 ekimenari esker, bosgarren mailako ikasle bakoitzak, besteak beste, ordenagailu txiki bat, horren bateria kargatzeko armairua, Interneterako sarbidea, eta bozgorailuak dituen arbela digitala izango du. 10 eta 11 urteko bitarteko 18.000 ikasle inguru izango dira programaren onuradunak.
Hezkuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana finantzatutako proiektuak, 300 euro aurreikusten ditu ikasle bakoitzeko.
Zentzu horretan, Eskola 2.0 "erraza eta merkea" ez dela adierazi du Patxi Lopezek, baina "berdintasunean, ezagutzen sorreran, gizarte kohesioan eta etorkizunean" inbertitzea dela gaineratu du.
Hortaz, informatika errealitate bilakatu da ikastetxe publikoetako ikasgeletan eta hile bukaeran, itundutako zentroetara hedatuko da, guztira 940 ikasgeletara.