Gizartea -
Polemika
Nafarroako Parlamentuak kultur ondare izendatu ditu zezenketak
Testua CDNk proposatu du eta PSNk eta UPNk baietza eman diote. NaBaik eta IUNk, aldiz, errefusatu egin dute.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak CDNk aurkeztutako adierazpen instituzional bati baietza eman dio, zezenketak Nafarroako kultur ondare bilakatzeko.
Testuak, CDNren babesaz gain, UPNren eta PSNren baietza jaso du. NaBaik eta IUNk aldiz, ezezkoa eman diote.
Jose Andres Burguete CDNko parlamentariaren arabera, Parlamentuak horrelako jaien balioa onartzea "egokia eta beharrezkoa" da, Espainian jai horien inguruan sortu den polemikaren ondorioz.
"Jai horien onarpenak haien iraunkortasuna, garapena eta babesa bermatzen ditu", adierazi du Burguete.
Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramaleak adierazi duenez, ez du uste zezenketek "adierazpen instituzional baten beharra dutenik". "Ez da ez beharrezko ezta onuragarria", adierazi du, zezenketen kontra daudenekin adeitsua ez dela ere gehitu du.
IUNtik, Ion Erroren ustez, eztabaida hori "artifiziala" da Foru Komunitatean eta ekimena beste komunitate batzuetatik ekarritakoa dela dio. "Zezenketak zalantzan jartzen dituztenak izorratzeko" egin dute.