Gizartea -

Txostena

Euskarak 'aurrera egin du nabarmen EAEn', Europako Kontseiluaren ustez

Eusko Jaurlaritzaren politika linguistikoa txalotu du txostenean. Foru gobernuarekin, aldiz, kritiko agertu da.

16 urte gorako herritarren % 32 elebiduna da. EiTB
16 urte gorako herritarren % 32 elebiduna da. EiTB

EITB. EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "aurrerapen nabarmena" egin du euskarak azken urteotan. Diagnosi baikor hau Europako Kontseiluak egin du, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna Espainian nola betetzen den ebaluatzeko 4. txostenean.

Kontseiluko Adituen Batzordeak estatuek eta eskualdeetako administrazioek Gutuna betetzen ote duten aztertzen du aldian behin, eta gaur 2010 eta 2013. urteen arteko egoerari buruzko txostena argitaratu du. EAEn zein Nafarroan euskararen egoera ikuskatzeaz gain, bi erkidegoetako gobernuek hizkuntza hori sustatzeko egindako proiektu eta planak aztertu ditu.

Adituon ustez, Eusko Jaurlaritzak darabilen politika linguistikoa "erabakigarria" izaten ari da euskara sustatzeko. Beste iritzi bat du foru gobernuaren jarreraz. Kontseiluaren arabera, Euskarabideari bideratutako aurrekontua "etsigarria" da, eta EAEko gobernuarekin lankidetza indartzeko deia egiten dio. Besteak beste, euskarazko komunikabideen presentzia bermatzeko eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari.

Egoera linguistikoa

2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoa oinarri hartuta, EAEko herritarrek euskararen inguruan duten ezagutza eta erabilera maila jaso du txosten horretan Europako Kontseiluak. Horren arabera, 16 urtetik gorako herritarren % 32 elebiduna da, eta gazteen artean (16 eta 24 urte bitartekoak) handiagoa da elebidunen kopurua, % 60 ingurukoa. Herritarren % 20k euskara erabiltzen du bere egunerokoan. Datuok kontuan hartuta, euskarak "aurrerapen nabarmena" egin duela uste du Kontseiluak, "azken 30 urteetan 0.5 puntuko hazkunde iraunkorra izan duelako".

Euskarak Nafarroan duen egoerari buruzko azken inkesta soziolinguistikoa 2013. urtearen amaieran egitekoa zela ohartarazi du Kontseiluak. Dena dela, Nafarroako hizkuntza eremu ezberdinen artean "ezberdintasun handiak" daudela nabarmendu dute adituek, baita gazteen artean euskararen erabilerak izandako gorakada ere.

Adituen Batzordeak Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak justizian, osasunean, hezkuntzan edota komunikabideen alorrean emandako pausoak aztertu ditu txostenean, eta foru gobernuarekin bereziki kritiko agertu dira adituok. Besteak beste, gutxienez euskarazko irrati eta telebista kate bana bermatzeko eta Jaurlaritzarekin lankidetza handitzeko deia egin diote Nafarroako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Albisteak Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Zer ari da gertatzen Europan? Albisteak Nafarroako Gobernua