Gizartea -
Esako urtegia
CHE salatu dute, Esako urtegiaren lanetan izandako jokabideagatik
Yesa+Ez eta Sustrai Erakuntza elkarteek eta Gallipienzoko udalerriak azaldu dutenez, mobilizazioak egiten jarraituko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Yesa+Ez elkarteak, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Gallipienzoko udalerriak Ebroko Ur Konfederazioaren (CHE) kontrako salaketa administratibo bat erregistratu dute Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzako erregistroan, CHEk Esako urtegia handitzeko 2013ko lanetan izan zuen jokabidea ez zela zuhurra izan argudiatuta.
Kazetarien aurrean, Yesa+Ez elkarteko Iker Aramendiak, Karmele Iriguibel Gallipienzo udalerriko alkateak eta Martin Zelaia Sustrai Erakuntzako kideak hitz egin dute.
Aramendiak azaldu duenez, "2013ko hondamendian" ez zen zuhurtasun printzipioa aintzat hartu eta larrialdi mailen inguruko lege irizpideak urratu ziren. Halaber, eskuineko mendi-hegala jausi eta Esako urtegiaren eskuineko horma altxa eta hilabete batzuetara arte ez zela plana ezarri.
Salatu dutenez, Esako urtegia handitzeko proiektuaren arduradunek hautua egin behar izan zuten: "urtegia hustea, geroz eta handiagoa zen arriskua desegiteko; Esako urtegiaren larrialdi maila hirugarrenera igotzea eta Zangoza, Caseda eta Gallipienzo udalerriak hustea edota dena zortearen menpe uztea eta "hemen ez da ezer gertatuko" leloari eustea egoera deserosoak saihesteko.
"Azken aukeraren aldeko hautua egin zuten", azaldu du Yesa+Ez elkarteko bozeramaileak. Horren esanetan, jokabide hori salatu egin behar da eta horregatik salatzea erabaki dute, hain justu, "gertaerak preskribatu baino lehen".
"Egoera pasatu arte ez ginen larritasunaren jakitu izan", gaineratu du Aramendiak. Bestalde, salaketak bere bidea egingo duenaren itxaropena agertu du.
Azkenik, Esako urtegia handitzea "ez dela beharrezkoa" eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela iragarri dute.