Gizartea -

Olatu denboraleak

Denboraleak duela bi urte baino kalte txikiagoak egin ditu

Kalte handienak ondoko herrietan izan dira: Bermeon, Ondarroan, Getxon eta Elantxoben, Bizkaian; eta Donostian, Hondarribian, Pasaian, Orion, Zumaian, Getarian eta Mutrikun, Gipuzkoan.

Olatuak Bermeon. Argazkia: Marian Juarros
Olatuak Bermeon. Argazkia: Marian Juarros
Olatuak Bermeon. Argazkia: Marian Juarros

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak olatu denboraleak egindako kalteen balantzea egin du, eta duela bi urte jasotakoak baino txikiagoak direla nabarmendu du.

Erkorekak gogorarazi du arriskua jaitsi egin dela eta dagoeneko alarma gorria bertan behera utzi dutela, baina gaur arratsalde-gau partean alerta laranja izango dela ohartarazi du.

Horren esanetan, kalte handienak ondoko herrietan izan dira: Bermeon, Ondarroan, Getxon eta Elantxoben, Bizkaian; eta Donostian, Hondarribian, Pasaian, Orion, Zumaian, Getarian eta Mutrikun, Gipuzkoan.

Bermeon, kai-muturreko 40 metro kaltetu dira. Gainera, kalteak daude izotz fabrikaren aurrealdean, zementuzko aldapan eta beste hainbat elementutan. Gainera, kirol portuan hiru ‘finger’ hautsi dira.

Ondarroan, urak kalteak egin ditu hainbat ontzitan eta ibilgailutan, eta alde zaharrean barrena sartu da. Ondorioz, hainbat lokal urak hartu ditu.

Getxon, portu zaharrerako sarbidea itxita dago, eta, Ereagan, hesiaren hainbat metro desagertu dira.

Elantxoben, kiroldegiko hormetako bat kaltetu da.

Donostian, olatuak Pasealeku Berrian, Eguzkin eta Kontxako hainbat lokaletan sartu dira.

Ondarretako hondartzan eta Mundaizeko eta Maria Cristinako zubietan ere hausturak daude.

Urumea ibaiak gora egin eta gero, uholde txikiak izan dira Urkin, Txomingo parkean eta Martuteneko espetxearen atzeko aldean.

Zarautzen, hainbat establezimendutan sartu da ura.

Hondarribian, itsasoak kirol portuaren sarrerak hautsi ditu, eta olatuek Butroeko pasealekuaren aurka talka egin dute, indartsu.

Pasaian hainbat garaje eta atari kaltetu dira.

Orion, kalteak daude hondartzako babes harresiko 25 metrotan, eta, Zumaian, portuko komun publikoa suntsituta dago.

Getarian, olatuek jatetxe bateko beirak apurtu dituzte, eta, Mutrikun, kalteak izan dira hondartzan. Pasealekua, adibidez, itxita dago herri horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Donostia bideoak Getxo albisteak Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Alerta meteorologikoak EAE Denboraleak albisteak Hondarribia bideoak Orio berriak Ondarroa argazkiak Pasaia argazkiak Zumaia Eguneko albisteak