Gizartea -

DENBORALEA

Denboraleak 500.000 euroko kalteak utzi ditu Donostian hiri ondaretan

Dena dela, kopuru horretan ez dira kontuan hartzen Udalarenak izan arren, gestio pribatua duten lokaletan izandako kalteak, Perlan edota Atletiko San Sebastianen, kasu.

Denboralearen arrastoak, Donostian. EFE.
Ondorioak neurtu eta konponketak egiten hasi dira Donostian

1:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

500.000 euroko kalteak utzi zituen Donostian, hiri ondasunetan, asteartean euskal kostaldea astindu zuen denboraleak.

Alfonso Gurpegui eta Miguel Angel Diez,  Donostiako Udaleko Gune Publikoetako eta Bide Publikoetako zinegotziek, hurrenez hurren, agerraldia egin dute goizean, denboraleak hirian eragindako kalteen berri emateko.

Hiri-altzairu eta bestelako ondasun publikoen konponketarako milioi erdi euro beharko dituela aurreikusi du Udalak. Dena dela, kopuru horretan ez dira kontuan hartzen Udalarenak izan arren, gestio pribatua duten lokaletan izandako kalteak, Perlan edota Atletiko San Sebastianen, kasu.

Denboralea izan zen egunetik, garbiketa zerbitzuko 34 langile ari dira lanean, 17 garbiketa-makinen laguntzarekin.

Kaltetutako guneak

Paseo Berrian olatuek bertako harresiaren zati bat behera ekarri zuten; bertan, 30 metro harresi berrituko direla iragarri du Udalak, eta metalezko baranda berria ere jarriko dute, bi zatitan.

Ondarreta inguruan, berriz, olatuek hondar ugari eraman zuten pasealekura eta lorategiera. Hondartza horretako kabinetako baten kristalak ere apurtu egin ziren, eta metalezko baranda zati bat bota zuten olatuek.

Kontxan, bestalde, Udalarenak  izan arren, gestio pribatua duten hiru lokaletan izan ziren kalte handienak: Eguzkin, Perlan eta Atletiko San Sebastianen. Aseguru-etxeek egingo diete aurre kalte horiei.

Egun, erabilerarik ez duen Rotonda lokalean kalteak handiak izan ziren, eta Kontxako eta Zurriolako barandak ere, kaltetuta geratu ziren hainbat gunetan.

Zubiei dagokienez, Maria Critina zubia astindu zuen gogorren denboraleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Denboraleak albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak