Gizartea -

EKITALDI SOLIDARIOA PLENTZIAN

Kirolaren munduko pertsonai ospetsuak, SMHrekin bat

Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) Grezian lan egiten duen elkarte bat da. Egunero Europara heltzen saiatzen diren 350 bat errefuxiatu erreskatatzen ditu.

Ekitaldia ur kiroletako modalitate ezberdinetako pertsonek sortu dute. Argazkia: antolatzaileak
Ekitaldia ur kiroletako modalitate ezberdinetako pertsonek sortu dute. Argazkia: antolatzaileak
Ekitaldia ur kiroletako modalitate ezberdinetako pertsonek sortu dute. Argazkia: antolatzaileak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Plentzia eta Gorlizeko udalek (Bizkaia) eta Laboral Kutxak “UR BASQUE PEOPLE. Bizkaitik Egeora” ekitaldi solidarioa antolatu dute, Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) elkarteari laguntzeko. Hitzordua hurrengo otsailaren 20an izango da, larunbata, 11:00etan, Plentziako hondartzan.

Antolatzaileek prentsa ohar baten bidez informatu dutenez, “UR BASQUE PEOPLE. Bizkaitik Egeora” ur-kirol modalitate ezberdinetako pertsonek abiatutako ekitaldi solidario bat da. “Helburua da Greziara iristeko Egeo itsasora gurutzatzen duten pertsonei laguntzea, beraien bizitzak hobetzeko asmoz. Urteko lehenengo 40 egunetan 400 hildako baino gehiago egon dira”, azpimarratu dute prentsa oharrean.

Probetan parte hartzeko, bi modalitate ezberdin daude: 400 metroko igeriketa zeharkaldia eta 1.250 metroko zirkuitua taula, kayak eta piraguetan.

“Itsasoko jendea”

Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldeak Chiosen (Grezia) lan egiten du. Egunero 350 bat pertsona erreskatatzen dituzte, hau da, gutxi-gorabehera Europara egunero heltzen diren errefuxiatuen % 10. Turkia eta Grezia arteko distantzia 6 km-koa da, eta eguraldi baldintza egokietan, ibilbidea ordu erdikoa da. Hala ere, bidaiak merkeagoak dira eguraldi txarrarekin: normalean 1.000 euro balio badute, ekaitzak izatekotan, 400.

SMH-ko partaide guztiak profesionalak eta boluntarioak dira. Itsas larrialdietarako laguntza eskaintzen dute, eta ezagupen teknikoak dituzte. Lantaldean, beste eragile batzuek ere laguntzen dute: Goazen UP, Agencia DOBLE, Marmoka Films eta Plastik.

Parte hartzeko, neoprenozko jantzia erabiltzea da baldintza ezinbestekoetako bat. Izenak ekitaldiaren egunean ere eman daitezke Plentziako hondartzako arkupetan, 10:00etatik 10:30ak arte.

Ekitaldira joan nahi duen edozeinek colaboro.smh@gmail.com posta elektronikoan eman beharko du izena, eta Laboral Kutxako ES92 3035 0235 22 2350038982 kontu korrontean 10 euro eman. Ekitaldiarekin kolaboratu nahi dutenek ere kontu horretan sar dezakete dirua. Irabazi guztiak Salvamento Maritimo Humanitario elkartera bideratuko dela diote antolatzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Grezia Plentzia bideoak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Turkia berriak