Gizartea -

'The New York Times'en arabera

200 umek pairatutako abusuak estaltzea egotzi diote Aita Santuari

Oraindik Joseph Ratzinger kardinala zenean, Benedikto XVI.ak uko egin zion 200 adingaberi sexu abusuak egin zizkien apaiz baten aurka neurriak hartzeari, eskandalua piztea saihesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vatikanoko hainbat goi-kargudunek, tartean gaur egungo Aita Santuak, Benedikto XVI.ak, ez zituzten neurriak hartu gor ziren 200 umeri ustez sexu abusuak egin zizkien Wisconsineko (AEB) apaiz baten aurka, The New York Times egunkariak gaur informatu duenez.

Bere esanetan, 1996an, Rembert G. Weakland Milwaukeeko artzapezpikuak abusuen berri eman zion Benedikto XVI.ari (garai hartan Joseph Ratzinger kardinala zen oraindik) gutun batzuetan, baina hark entzungor egin zien eta gertatutakoa estali egin zuen, hau da, ez zuen apaiza egotzi Elizatik.

Abusuen ustezko egilea Lawrence Murphy apaiza da. 1998an zendu zen, eta 1950 eta 1974 urteen artean ume gorrentzako eskola ospetsu batean egin zuen lan.

Aipatu iturrien arabera, Wisconsineko hiru artzapezpikuk izan zituzten abusuen berri, baina ez zuen hiruretako inork ezer egin. Hori dela eta, epaitua izan barik eta delituak ordaindu barik hil zen Murphy.

1993an, Weakland artzapezpikuak gertatutakoa ikertzeko agindu zuen. Apaizak aitortu egin zuen 200 umeri sexu abusuak egin izana, baina ez zen damutu.

Azken hilabeetan, Benedikto XVI.a Aita Santuak sexu abusuen aurkako gurutzada hasi du, eta biktimei barkamena eskatu die, Irlandako auzian kasu.

Vatikanoaren adierazpena

Hedabideei igorritako adierazpen batean Federico Lombardi Egoitza Santuko bozeramaileak azaldu duenez, Vatikanoak 20 urteren ostean izan zuen abusuen berri, eta garai hartan apaiza oso gaixo zegoenez, ez zuten haren aurkako neurririk hartu.

Lombardik "biktimen sufrimendu latza" gogorarazi du, eta apaizak legea eta haren biktimen konfiantza "urratu" egin zuela kritikatu du.

Bere esanetan, "Fedearen Irakasbiderako Kongregrazioa 20 urteren ostean informatu zuten abusuez. 90eko hamarkadaren amaieran, Murphyren auzia nola tratatu galdetu zioten."

"Kasu horietan, Zuzenbide Kanonikoak ez ditu zigor automatikoak aurreikusten, baina zigor handiena (erruduna Elizatik egoztea) eskatuta epaiketa egitea gomendatzen du", gaineratu du.

Dena dela, "Murphy aita edadetua zela, haren osasun egoera oso kaskarra zela, bakartuta bizi zela eta 20 urtetan ez zela akusazio gehiagorik jazo, Fedearen Irakasbiderako Kongregrazioak haren ministerioa mugatzea erabaki zuen".

Vatikanoaren esanetan, apaiza handik eta lau hilabetera hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea