Gizartea -

Osakidetza

Leo, hormona tratamendua jasotzen ari den lehen adingabe transexuala

Mutila bada ere, neskato baten organo genitalekin jaio zen Leo. Tratamendua hasi du Osakidetzan, hori zuzentzeko.

Hormona tratamendua jasotzen ari den lehen adingabea da Leo

1:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leo 11 urtekoa da eta Irunen bizi da. Mutila da, baina neskato baten organo genitalekin jaio zen. Orain, emakume bilakaera galarazteko hormonak hartzen ari den lehen adingabe transexuala da Euskadin.

Leok Ane izateari behin betiko uzteko prozesua mingarria izan da, baina urriaren 29an lehen injekzioa jarri ziotenetik, "zoriontsu" dago, amak, Monicak, azaldu duenez.

Tratamenduak hainbat erabilera ditu, hala nola pubertaro goiztiarra galaraztea, adingabearen hazkuntza egokia izan dadin, baina kasu honetan lehen aldiz erabili dute adingabe transexual batekin.

Hain zuzen ere, injekzio bat emango diote 28 egunean behin Gurutzetako Ospitalean, baina erabakia atzeragarria da. Hala ere, ama ziur dago umeak aurrera jarraituko duela: "beti izan da mutila".

Monicak publiko egin nahi izan du semearen kasua, auzi hauek gizartean normaltzeko.

Horren esanetan, semea oraindik ere Ane zenean "oso maskulinoa zen". Inflexio puntua iazko Gabonak izan ziren, bularrak hazten ari zirela ohartu zenean. "Larritu egin zen, eta ez zuen gosaldu ezta bazkaldu ere egin nahi, eta uko egiten zion ikastetxera joateari".

Orduan, amak ume transexualei buruzko El sexto sentido TVEren dokumentala erakutsi zion semari, eta hura guztiz identifikatuta sentitu zen.

Une horretan, adingabeak bere benetako nortasun sexuala jakinarazi zien aitari, anaiei eta klase-kideei. "Ez zen inor harritu", azaldu du Monicak, eta eskolan semeak ez duela gaizki pasatu gaineratu du.

Hurrengo urratsa (tratamendua hastea) "zoriaren ondorio" izan zen, Itxaso Rica Gurutzetako Endokrinologia zerbitzuko buruarekin harremanetan jarri ahal baitziren Madrilen egindako topaketa batean. Adingabe transexualen senideen ekimen hartan, Leo ohartu zen ez dela egoera horretan dagoen bakarra.

Eusko Jaurlaritzaren protokoloaren arabera, kasu hauetan adingabeak sei hilabete eman behar ditu psikiatra batekin, eta horrek eman behar du baimena tratamendua hasteko. Pauso hori kentzea Chrysallis adingabe transexualen senideen elkartearen aldarrikapenetako bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Irun albisteak gaur Gaurko azken ordukoa LGTBI+ albisteak Medizinak albisteak Nerabezaroa albisteak