Gizartea -

Amnistia Internazionala

Espainian askatasunen eta eskubideen murrizketak salatu ditu AIk

Zigor Kodearen erreformak adierazpen askatasuna “izugarri” murriztu dezakeela salatu du Amnistia Internazionalak urteko txostenean, eta titiriteroen kasua horren adibidetzat jarri du.

Txontxongilolari bat espetxetik atera ondoren. Artxiboko irudia: EFE
Txontxongilolari bat espetxetik atera ondoren. Artxiboko irudia: EFE
Segurtasunaren izenean, giza eskubideen murrizketa ugari

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lege berrien onarpenarekin Espainian adierazpen eta bilera askatasunak murriztu dituztela salatu Amnistia Internazionalak urteko txostenean. Gainera, Poliziak indarkeria “gehiegi” erabili duela kritikatu du nazioarteko erakundeak.

Zigor Kodearen erreforma (terrorismo ekintzen definizio zabalagoa egiteko artikulu batzuk aldatu zituzten) eta Herritarren Segurtasunerako Lege berria indarrean sartu ziren iaz Espainian.

AIk 2015eko txostenean adierazi duenez, azken arau horrek manifestazioak “non eta noiz” baimentzeko “mugak” jartzen ditu, “eraikin publikoen aurrean bat-bateko manifestazioak” egiten dituztenei “zigor gehiago” ezarri, eta “errespetu falta” adierazten duten pertsonei isunak jartzeko “eskumen zabalak” ematen dizkio Poliziari.

Zentzu horretan, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak uztailean bere kezka azaldu zuela gogorarazi du AIk.

Titiriteroak

Zigor Kodearen erreformak orain arte delituak ez ziren jarrerak zigor ditzakeela, terrorismoaren definizioa “oso lausoa” delako, eta adierazpen askatasuna “izugarri” murriztu dezakeela salatu du Amnistia Internazionalak urteko txostenean, eta titiriteroen kasua horren adibidetzat jarri du.

Gainera, iaz Marokoko mugetan segurtasun indarrek Ceuta eta Melillara legez kanpo sartzen saiatu ziren pertsonen aurka “indarkeria gehiegi” erabili zutela salatu du AIk.

Kanporatzeak

2015eko martxoan Espainiak atzerritarren legea aldatu zuen etorkin eta errefuxiatuen kanporatze kolektibo eta automatikoak legeztatzeko, Amnistia Internazionalak txostenean salatu duenez.

AIren ahotan, kanporatze kolektiboak aurrera eramateko bidea errazten du lege berriak, nahiz eta “nazioarteko eskubideak debekatu”.

Erakundeak kritikatu duenez, ia 750.000 etorkin agiririk gabe bizi ziren iaz Espainian osasun zerbitzuetara jotzeko aukerarik gabe. NBEko erakunde batzuek osasun zerbitzu unibertsala bermatzeko eskatu zioten Espainiari, AIk gogorarazi duenez.

Bestalde, “Espainiako legediko desagerpenen eta torturaren definizioek nazioarteko eskubidera egokitu gabe” jarraitzen dutela salatu du Amnistia Internazionalak txostenean. AIren hitzetan, “auzi garrantzitsu batzuk artxibatu zituzten jurisdikzio unibertsalaren printzipioari ezarritako murrizketengatik”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak