Gizartea -
Hiru eguneko ibilaldia
Gamesako langileek Nafarroako Jauregian amaitu dute martxa
Iragan ostegunean, Altsasuko lantegian hasi zuten 61 kilometroko ibilaldia 150 kontratu desegingo dituen espedientearen kontra.
Erredakzioa
Gamesako langileek Nafarroako Jauregian, Foru Gobernuaren egoitzaren aurrean amaitu dute hiru eguneko ibilaldia.
Iragan ostegunean ekin zioten 61 kilometroko martxari, Altsasuko lantegian, otsailaren 25ean 150 kontratu desegiteko aurkeztu zuten espedientearen kontra protesta egiteko.
Martxaren amaieran kontzentrazio bat egin dute Nafarroako Jauregiaren aurrean. Bertan, langileek EREari aurre egiteko "adore handia" dutela adierazi du Ubaldo Sola (ELA) enpresa-batzordeko presidenteak. EREa aurrera eramanez gero, 150 langileen kontratuak desegingo dituzte Altsasun eta beste 212 langile aldi baterako behar gabe utziko dituzte Tausteko (Zaragoza), Miranda del Ebroko (Burgos), Sigüeiroko (A Coruña) eta Medina del Campoko (Valladolid) lantegietan.
Solaren arabera, martxa horrekin langileak batu egin dira, "zentzugabeko" EREa bertan behera uztea aldarrikatuz.
Datorren asteartean Gamesako zuzendaritzarekin bilera batera deitu dituzte, eta enpresak jarrera aldatzea espero dute langileek.