Gizartea -

Ebazpena

11 urteko kartzela-zigorra, Irunen guardia zibil bat hiltzeagatik

2009ko urte berriaren ospakizunean gertatu zen hilketa, udalerri gipuzkoarreko dantzaleku batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2009ko Urte Berri egunean Iruneko dantzaleku batean lanetik kanpo zegoen guardia zibil jipoitu eta hil zuen gizonezkoari hamaika urteko kartzela-zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak, iragan martxoaren 16an herri-epaimahai batek homizidioa leporatu ostean.

Ebazpenean agertzen denez, krimena "bereziki gaitzesgarria" izan zen hiltzaileak umetatik ezagutzen zuelako biktima, eta iraganean harreman "adeitsua" izan zutelako.

Ebazpenean hala adierazi dute biktimaren alargunaren eta guardia zibil baten adierazpenean oinarrituta. Izan ere, biktimak gaztetan hiltzaileari dirua ematen omen zion goxokiak eros zitzan.

Epaiketan, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, hildako guardia zibilaren familiak, 14 urteko kartzela-zigorra eskatu zuten auziperatuarentzat, eta defentsak 3-4 urteko zigorra eskatu zuen.

31 urteko hiltzaileari homizidioa leporatzen diote, jipoitu zuenean hil egin zezakeela bazekielako, eta 11 urteko zigorraz gain, alargunari 130.000 euroko eta semeari 20.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkie.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea