Gizartea -
Gasteizen
Txat baten bidez gelditu eta etxean lapurtzeagatik atxilotu zuten
Antza, edarian lo egiteko droga bat jarri zion emakumeak. 27 orduz lo egon ondoren, bere etxean lapurtu egin zutela ikusi zuen gizonak.
Erredakzioa
Ertzaintzak 36 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Gasteizen, gizon baten etxean lapurtzea leporatuta. Aurretik Interneteko txat baten bidez gizonarekin geratuta zegoen emakumea. Antza, edarian lo egiteko droga bat jarri zion emakumeak. 27 orduz lo egon ondoren, bere etxean lapurtu egin zutela ikusi zuen gizonak. Besteak beste, ordenagailu bat eta sakeleko telefono bat lapurtu zituen atxilotuak.
Ertzaintzak ohar batean azaldu duene, Interneteko txat batean ezagutu zuten elkar. Iragan igandean, gizonaren etxean elkarrekin egoteko geratu ziren.
Arratsaldeko 20:00etan emakumea biktimaren etxean azaldu eta, antza, gizonaren edarian droga bat bota zuen. Ondorioz, gizona astelehenean, goizeko 11:00etan, esnatu zen.
Biktimak azaldu duenez, emakumea desagertu egin zela, eta ordenagailu bat, sakeleko telefono bat, erloju bat eta kutxa bat lapurtu egin zizkiotela egiaztatu zuen.
Atzo aurkitu zuen Ertzaintzak emakumea eta, ondoren, atxilotu egin zuen. Aurretik beste hainbat lapurreta modu berean egin dituela uste du poliziak.