Gizartea -

Hilketa Toledon

Ehunka pertsonak azken agurra eman diote Cristinari Seseñan

Bestalde, 13 urteko neskatoaren hilketarekin zerikusia izatea egotzita atxilotutako adinbagea zentro batean sartzea agindu du epaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak, tartean senideek, lagunek eta auzokideek, azken agurra eman diote gaur Seseñan (Toledo) Cristina Martin de la Sierra zenari, hots, larunbatean harrobi batean hilik topatutako 13 urteko neskatoari. Haren institutuko klasekideak segizioaren aurrealdean joan dira, eguerdian hileta egin duten Eliza arte.

Cristina Martinen familiarrak eta lagunak haserre agertu dira hiletan, 13 urteko neskaren gorputza ezin izan dutelako errautsi. Izan ere, ikerketa irekita dago oraindik.

Han hainbat agintari ere egon dira, besteak beste Fernando Mora Gaztela-Mantxako Gobernuak Toledon duen ordezkaria, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia eta Manuel Fuentes Seseñako alkatea.

Hedabideak ezin izan dira elizan eta hilerrian sartu.

Seseñako alkateak "zuhurtzia" eta gertatutakoa aztertzea eskatu du, halakoak berriko gerta ez daitezen.

Atxilotutako adingabea, zentro batean

Bien bitartean, hilketarekin zerikusia izatea egotzita atxilotutako 14 urteko neskatoa zentro batean sartzea agindu du gaur epaileak, Fiskaltzaren eskakizunari jarraiki.

Gertatutakoaren "larritasuna", atzemandakoak zerikusia duen "zantzuak" eta ihes egiteko arrisku handia dagoela kontuan hartuta aurkeztu zuen eskakizuna Ministerio Publikoak.

Gaztela-Mantxako Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, auzia sekretupean jartzeko eskaera ere onartu du epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea