Gizartea -
Trafiko-ezbeharra
Hiru hildako, autobus batek auto batekin talka eginda, Pontevedran
Istripuaren unean haurrik gabe zihoan eskola-autobusarekin talka egin duen autoko hiru bidaiariak dira hildakoak.
Erredakzioa
Hiru lagun hil dira eta bi ari zauritu gaur goizean Angoladan, Lalinen (Pontevedra), eskola umerik gabe zihoan autobus batek eta auto batek talka eginda, 112 larrialdietako zerbitzuak jakinarazi duenez. Hildakoak autoan zihoazen hiru bidaiariak dira.
Ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko, biktimak zihoazen ibilgailua bere bidetik atera da eta autobusaren azpian sartu da. Oraingoz ez dute biktimen inguruko informaziorik eman, baina Babes Zibileko iturriek adierazi dutenez, errumaniarrak dira. Autobusean bi bidaiari zihoazen eta arin zauritu dira. Autobusa eskola umeen bila zihoan.
Lekuko batek 07:42an eman dio abisua larrialdietako zerbitzuari, eta suhiltzaileak, Trafikoko Guardia Zibila eta Lalineko Babes Zibileko taldeak bertaratu dira ezbeharraren tokira, N-640 errepideko 151, kilometrora. Hildakoen gorpuak atera behar izan dituzte.
Istripuaren unea -jaitsiera baten osteko bihurgune bat- oso arriskutsua dela esan du bertako alkateak eta aurretik ere hainbat istripu izan direla adierazi du.