Gizartea -

Ertzaintza

Indarkeria matxistako adituek ez dute 24 ordu lan egiten, dio ErNEk

Sindikatuak salatu du talde espezializatuek ez dutela baliabide nahikorik indarkeria matxistari aurre egiteko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzan gehiengoa duen sindikatuak, ErNEk, salatu du indarkeria matxista auzietako talde espezializatuek ez dutela lan egiten eguneko 24 orduetan ezta asteburuetan ere.

Jose Luis Moreno ErNEko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, EH Bilduk eskatuta, indarkeria matxista kasuen aurrean Ertzaintzak nola lan egiten duen azaltzeko.

Morenok azaldu duenez, Polizia autonomikoak talde bereziak ditu indarkeria matxista auziak tratatzeko. Horren esanetan, ertzain horiek oso profesionalak dira, baina Segurtasun Sailak ematen dien prestakuntza "ez da egokia".

Gainera, talde horiek astelehenetik ostiralera eta 19:00ak arte baino ez dutela lan egiten ohartarazi du.

Ordutegi horretatik kanpo, Ertzaintzak ez du agente espezializaturik gai horretan. Horregatik, guardiako agenteek tratatzen dituzte genero indarkeria auziak.

Morenok ohartarazi du agente arrunt horiek "goraino" egon ohi direla euren zereginekin, Jaurlaritzak polizia kopurua murriztu duelako. Horregatik, indarkeria matxista bat tratatu behar badute ("batez beste hiru orduko iraupena du"), "kaosa erabatekoa da".

Halaber, indarkeria matxista auziak lantalde berezien ordutegietatik kanpo gertatzen direnean, emakumeak "bi aldiz" direla biktima kritikatu du. Izan ere, bigarrenez jo behar dute ondoren komisariara, gertatutakoa agente espezializatuei ere kontatzeko.

Bestalde, Morenok deitoratu du ertzain espezializatu horiek "oinarrizko prestakuntza" baino ez dutela, eta hori ez dela "nahikoa". Horrenbestez, euren denbora librean eta euren poltsikoekin ordainduta ari dira prestatzen.

 

___________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tratu txarrak EAE Albisteak