Gizartea -
Polizia operazioa
Legez kanpoko krema baten 1.400 kutxa atzeman dituzte AP-8an
Frantziarako bidean poltsaz beteta zihoan auto bati susmo txarra hartu dio Ertzaintzak, eta ibilgailua miatu eta horiek atzeman ostean, bi lagun atxilotu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzaren ETEN Taldeko agenteek 2007an legez kanpokotzat jotako krema baten 1.400 kutxa atzeman dituzte AP-8an, Oiartzun parean, Frantzia aldera zihoan ibilgailu batean. Material hori guztia konfiskatu du Ertzaintzak, eta autoan zihoazen bi lagunak atxilotu ditu, osasun publikoaren kontrako delitua egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, azalari pigmentazioa kentzeko ukendua da atzemandakoa, osasun agintariek 2007an legez kanpo utzitakoa, alegia.
Astelehenean, 10:00ak aldera, AP-8ko Oiartzungo zerbitzugunean aparkatuta zegoen auto bati susmo txarra hartu zioten agenteek. Maletategia eta atzeko eserlekuak poltsaz beteta zituen, eta kanpotik ikus zitekeen botika bera zegoela poltsa guztietan. Auto horren barruan zeuden bi gizonezkoak identifikatu zituzten, eta merkantziaz galdetuta, pigmentazioa kentzeko krema zela erantzun zuten biek.
Materialaren bolumena ikusita, eta legez kanpokoa izan zitekeelakoan, dena konfiskatu zuen Ertzaintzak. Gerora jakin ahal izan dutenez, 2007tik legez kanpo utzitako krema da atzemandakoa. Botika bat denez, errezeta behar da ukendua erosteko, eta osasun kontrolik gabe saltzeko asmoa zutela ondorioztatu dute agenteek, egun legez kanpo baitago.
Osasun publikoaren kontrako delitua egotzi diete biei.