Gizartea -

Trafikoa

Hamahiru ikasle hil dira Tarragonan izandako autobus istripu batean

Hildakoen artean hainbat nazionalitateko Erasmuseko ikasleak daude; eta zaurituetako sei, hil ala biziko egoeran. Ikasle bilbotar bat zihoan autobusean, baina onik atera da.

Istripua izan duen autobusa. Argazkia: Efe
Istripua izan duen autobusa.
13 pertsona hil dira Tarragonan izandako autobus istripuan

1:12

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 13 gazte hil dira, eta ez 14, goizean zabaldu den moduan, autobus batek AP-7 errepidean, Freginals parean (Tarragona), izandako istripu batean, Kataluniako Babes Zibilak jakitera eman duenez. Hildako guztiak emakumezkoak dira.

Autobusak talka egin du auto baten kontra eta irauli egin da. Gidaria onik atera da eta Esquadra Mossoen aurrean deklaratzera eraman dutenean negatibo eman du alkohol eta droga frogan. Gainera, bihar, 10:00etan, gertatutakoa ikertzen ari den epailearen aurrean deklaratuko du.

Ospitaleratutako 34 zaurituetako sei hil ala biziko egoeran daude, 9 larri daude, eta beste 22, larritasun maila baxuagoan, azken balantzearen arabera. 16 onik atera dira, tartean ikasle bilbotar bat.

Hamahiru hildakoetatik dagoeneko 9 autopsia egin dituzte, eta indentifikatzeke geratu dira.

Azken datuen arabera, autobusean Hungariako, Alemaniako, Suediako, Norvegiako, Suitzako, Txekiar Errepublikako, Erresuma Batuko, Italiako, Peruko, Bulgariako, Poloniako, Irlandako, Japoniako, Ukrainako, Herbehereetako, Belgikako, Frantziako, Palestinako, Turkiako, Greziako, Zeelanda Berriko eta Finlandiako ikasleak zeuden, nahiz eta azken bi herrialde horiena guztiz baieztatu gabe dagoen.

Ezbeharra 06:00ak aldera gertatu da. Bartzelonara bidean zihoan autobusaren gidariak kontrola galdu du, erdibitzailea zeharkatu eta irauli egin da, auto bat jo aurretik (autoko bi bidaiariak zauritu egin dira). Istripuaren ondorioz, itxita egon da AP-7 errepidea.

Hainbat nazionalitatetako Erasmus ikasleak zeramatzan autobusak, Valentziako Fallas jaietatik bueltan. Bartzelonako Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikasleak ziren gehienak.

Ikerketa

Jordi Jane Generalitateko Barne kontseilariak 13:00ean agerraldia egin du Tortosan, ordura arte bildutako datuak jakitera emateko. Horren hitzetan, denera 61 lagun zihoazen autobusean, eta bi autoan. Horietatik, 13 zendu dira.

"Oraindik ezin ditugu ezbeharraren arrazoiak aurreratu", esan du.  Janek nabarmendu du AP-7 autobidea "zabala" dela, eta  "gune zuzen batean" izan dela ezbeharra. "Ikerketek argituko dute giza-akatsa edo arazo teknikoren bat dagoen ezbeharraren atzean", gaineratu du.

Autobuseko gidaria onik atera da eta Tortosako polizia-etxera eraman dute, deklaratzera.

Kontseilariak esan duenez, autobusa eskuinaldeko bazterrerantz joan da eta ia hesia jo du, baina ezkerrera egin du gero azkar, eta kontrako noranzkoan zihoan auto bat jo du bete-betean.

CARLES PUIGDEMONT J0RGE FERNANDEZ DIAZ EFE

CARLES PUIGDEMONT J0RGE FERNANDEZ DIAZ EFE

EFE

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa ere Tarragonara joan da, goizean, eta horrek istripuaren arrazoia "giza-akatsa" izan daitekeela eman du aditzera.

Kataluniako eta Espainiako Barne departamenduak elkarlanean ari direla nabarmendu du, biktimei eta horien senideei laguntzeko, eta ezbeharra argitzeko. "Biktimak nazionalitate ezberdinetakoak dira; EBko herrialdeetakoak eta hortik kanpokoak, eta baita Espainiakoak ere. Oraindik ezin dugu gehiago zehaztu", adierazi du.

Anpostako Instrukzio Epaitegiak hartu du bere gain kasuaren ikerketa.

"Istripuen puntu beltza da"

Josep Roncero Freginalseko alkateak esan du "istripuen puntu beltza" dela ezbeharra gertatu den lekua. "Atsekabetuta gaude. Biktimak oso gazteak direla jakin dugu, eta oso egun tristea da", adierazi du Roncerok.

"Puntu beltza da hau. Zuzengunea da eta ezbeharrak izan diren guztietan hemen gertatu dira", azpimarratu du.

Guztira 17 suhiltzaile talde bertaratu dira biktimak ibilgailutik ateratzeko eta bestelako lanetarako. Bestalde, garabi bat ere joan da autobusa errepidetik kentzeko. Zazpi anbulantzia medikalizatu eta beste bost anbulantzia arrunt joan dira.

tarrangona autobusa istripua accidente autobus EFE

tarrangona autobusa istripua accidente autobus EFE

EFE

Babes zibilak onik atera direnentzako lekuak ireki ditu, eta kaltetuentzako arreta psikosoziala jarri du martxan.

Autobus enpresak beste ibilgailu batzuk jarri ditu onik atera diren pertsonak jaso eta Tortosako hotel batera eramateko.

Arretarako telefonoa

Generalitatearen Babes Zibilak Kataluniatik kanpoko deiak jasotzeko telefonoa jarri du, biktimen senideei bideratuta: 902 40 00 12.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea