Gizartea -

Festa polemikoa

Gizarte Segurantzako bulegoa Baionan, itxita agur-bazkari batengatik

Iragan astean bulegoko zuzendariari agur esateko zerbitzua eten zutela salatu du CGT sindikatuak. Gainera, larriagoa dena, festa kutxako diru publikoarekin ordaindu zuten.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako Gizarte Segurantza bulegoko zuzendariak erretiroa hartu behar du eta agur esateko festa egin zioten iragan astean. Agur-bazkariak, alabaina, polemika sortu du, Radio Euskadik azaldu duenez. Festa ospatzeko zerbitzua eten zutela salatu du CGT sindikatuak. Gainera, larriagoa dena, agur-bazkaria kutxako diru publikoarekin ordaindu zuten.

Frantziako Funtzio Publikoaren ministroak gertatutakoa salatu du irratian, “zerbitzu bat zerbitzu bat delako eta ezin daiteke eten, are gutxiago, arrazoi horrengatik”.

Astearte arratsaldean ez zuten zerbitzurik eman gizarte segurantzako bulegoan. ‘Ohiz kanpoko itxiera’ kartela jarri zuten 14:00etan, zuzendariaren agur-bazkariagatik zela azaldu gabe.

270 langile dira eta guztiak gonbidaturik zeuden. CGT bulegoa ixtearen aurka agertu zen, eta gainera, festarako diru publikoa xahutzea salatu du sindikatuak.

150 xanpain botila

“Oraingoz ez dakigu zenbat gastatu duten, baina xanpaina eta zizka-mizkak izan zituzten. Guztiak edan ote zituzten ez dakigu, baina 150 xanpain botila erosi zituzten”, salatu du Nicolas Felurentidierrek (CGT).

FO sindikatuak, ostera, agur-bazkarian parte hartu zuen. Diruari buruz ez dute ezer sindikatu horretako arduradunek, baina bezeroek Internet dutela gogorarazi dute. Aurrez aurreko zerbitzua mantentzea borroka nagusietako bat dela azpimarratu du CGTk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Baionako albisteak Albisteak