Gizartea -
Langraiz Okan
Agurainen amona hil zuen gaztea kartzelan sartu dute
Atxilotuak pertsonalitate arazoak zituen eta hori izan zen amona labankadaz zauritzeko arrazoia, eta ez honek dirurik ez ematea. Hilketa gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte euskal hiriburuetan.
Erredakzioa
Joan den astelehenean Agurainen (Araba) ustez bere amama hil zuen gaztea Langraiz Okako kartzelan sartu dute goizean, epaileak aginduta.
Ikerketen arabera, atxilotuak pertsonalitate arazoak zituen eta hori izan zen amama labankadaz zauritzeko arrazoia, eta ez honek dirua ez ematea.
Ertzaintzaren ustez litekeena da sukaldeko laban batez hiltzea eta odolez zikindutako gaztearen arropa ikertzen ari dira.
Ikerketaren gertuko iturriek jakitera eman dutenez, gaztea tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zen pertsonalitate arazoak eta arazo sozialak zituelako eta, gainera, kokaina kontsumitzen zuenez, portaera gatazkatsua izaten zuen askotan.
Aipatu iturrien arabera, gazteak aurrekariak zituen indarkeriaz bi lapurreta egiteagatik eta etxean bere senideei jo omen zien.
Hori dela eta, epaile batek urruntze agindua ezarri zion, baina dagoeneko iraungita zegoen agindu hori.
Gaztea ez zen oso ongi konpontzen familiarekin, baina amonarekin harremana mantentzen zuen.
Bien bitartean, hildakoaren omenez hileta arratsaldean egin dute.
Elkarretaratzeak
Nahiz eta Herrizaingo Sailak emakumeen aurkako indarkeria kasu bat izatea baztertu, Bonifaciaren hilketa gaitzesteko elkarretaratze ugari egin dituzte arratsaldean.
Horrela, elkarte feministek, gobernuz kanpoko erakundeek eta sindikatuek deituta, ehunka lagunek mobilizazioetan parte hartu dute Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean.