Gizartea -

Dolu-eguna Eibarren, bihar

Lau dira Elgoibarren errepide istripuan hildako gazteak

Ezbeharra ostegunean jazo zen; furgoneta eta auto batek N-634an talka egin zutenean. Biktimak 16 eta 20 urte artekoak dira. Ertzaintza lekukoen bila dabil, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau gazte, 16 eta 20 urte artekoak, hil dira ostegunean N-634 errepidean, Elgoibarren (Gipuzkoa), ilunabarreko 20:30 aldera jazotako auto-istripuan. Auto batek eta furgoneta batek elkarren kontra jo zuten, eta ondorioz, autoan zihoazen lau neska-mutilak hil egin dira.

Ezbeharraren lekuan bertan, 17 urteko neska bat hil zen; gauerdian, 20 urteko mutila; gaur goizean, 16 urteko beste neska bat hil da eta arratsaldean 16 urteko laugarren gaztea hil da.

Furgonetan zihoazean 38 eta 32 urteko bi gizon-emakumeak ere ospitalean daude, Arrasaten.

Istripua 20:30ean jazo zen. Volkswagen Transporter furgoneta batek eta Volkswagen Golf auto batek talka egin zuten ezbeharrean. Talkaren ondorioz autoko lau bidaiariak harrapatuta geratu ziren.

Suhiltzaileak bertaratu ziren harrapatuta geratu ziren bidaiariak askatzeko, baina horietako bi istripua izan eta gutxira hil ziren.

Gainerako hiru zaurituak Donostiako, Mendaroko eta Arrasateko ospitaletara eraman zituzten. Horietako bi larri zaurituta zeuden, 16 urteko bi neska, eta gaur hil dira Donostia Ospitalean.

Ertzaintza lekukoen bila dabil, ezbehar larri horren nondik norakoak argitu ahal izateko.

Gainera, istripuaren eraginez N-634 errepidea itxita geratu zen eta auto-ilarak izan ziren.

Dolu-Eguna

Gazteak Eibarren bizi ziren eta Udalak dolu-eguna deitu du launbaterako hildakoen oroimenez eta joan den igandean Marokon izandako istripu batean hildako beste eibartar baten oroimenez, Miguel de los Toyos (PSE/EE) alkateak adierazi duenez. Udalerriko bandera haga erdian egongo da larunbatean egun osoan zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea