Gizartea -

ANIMALIEI TRATU TXARRAK

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, bi txakur abandonatuta uzteagatik

Foruzaingoak esan duenez, bi txakur abandonatuta utzi zituen Donapea auzoko etxola batean; bat bizirik topatu zuten, eta bestea hilda.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 urteko gizonezko bat atxilotu du, asteon, Foruzaingoak Iruñean, animaliei tratu txarrak ematea egotzita. Bi txakur zaintzeko ardura zuen gizon horrek, baina Donapea auzoko etxola batean abandonatuta utzi zituen. Ondorioz, bat hil egin zen, eta bestea oso egoera txarrean dago, zaurituta eta desnutrizio egoeran. Txakurretako baten jabea ere, Iruñeko 21 urteko emakume bat, inputatu egin du epaileak, gertakariekin zerikusi zuzena duelakoan.

Donapeako bizilagun batek salatu zuen bi txakurren egoera. Foruzaingoa esandako etxolara joan zen, eta bertan topatu zituen bi animaliak; bat, kanpoaldean, bizirik, baina zaurituta eta desnutrizio egoeran. Bestea, berriz, etxolaren barruan, hilda. Antza, bizirik zegoenak hildako txakurraren zatiak jan zituen.

Iruñeko Instrukzio epaitegiaren esku utzi du kasua Foruzaingoak. Bizirik aurkitutako txakurra animalien zaintzarako Iruñeko Udalaren zentroan utzi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea