Gizartea -
Baionako Auzitegiak aginduta
Gipuzkoako bi arrantza-ontzi geldiarazi dituzte Angelun
Araudiaren arabera, euskal ontziek Frantziako uretan antxoa arrantzatzeko sar daitezke, baina ez sardina harrapatzeko. Frantziak dio bi ontzietan tona bat sardina topatu dutela.
Erredakzioa
Gipuzkoako bi arrantza-ontzi atzeman zituzten atzo Frantziako kostaldean eta Angeluko portura eraman zituzten karga aztertzeko.
Aske uzteko jarriko dizkieten fidantzak aztertzen ari da orain Frantziako Justizia, iturri judizialek azaldu dutenez. Baionako Auzitegiak gaur jakinaraziko ditu bermeak.
Eusko Jaurlaritzako iturri ofizialek Donostian jakinarazi zutenez, araudiaren arabera, euskal ontziek Frantziako uretan 12 milia sar daitezke antxoa arrantzatzeko, baina ez sardina harrapatzeko.
Bi arrantza-ontziek, Hondarribiako Santana Berri-k eta Getariako Luis Barranko-k bi tona eta tona bat sardina zeramatzaten, hurrenez hurren, Baionako portuko agintariek egindako lehen azterketen arabera.
Gipuzkoako bi ontziak Angeluko portura eraman zituzten Frantziako patruilari batek, Frantziako uretan antxoa arrantzatzen ari zirela egiaztatzeko, eta ez sardina.
Getariako arrantzale-kofradiako iturriek azaldu zutenez, Luis Barranko ontzia antxoa arrantzatzera atera zen itsasora.
Zama Donibane Lohizuneko portura eraman zuten bertan pisatzeko, portuko iturriek erantsi dutenez.
Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federakundeko presidentea eta Leandro Azkue Federakundeko Baliabideen zuzendaria Angelura joan ziren kasua bertatik bertara jarraitzeko.