Gizartea -
Ponferrada
13 urteko ume bat itota hil da Sil ibaian, Leonen
Adingabea uretan murgildu zen baloi baten bila, eta ezin izan zen atera urak eraman zuelako. Larrialdi zerbitzuek hildakoaren anaia erreskatatu behar izan zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Suhiltzaileek 13 urteko haur baten gorpua erreskatatu dute Sil ibaian, Ponferradan (Leon), Gaztela eta Leongo Larrialdi Zerbitzuko iturriek jakinarazi dutenez. Adingabea uretan murgildu zen baloi baten bila.
Umearen gorpua goizeko lehen orduan erreskatatu dute eta epailea bertaratu da.
Ezbeharra atzo 18:28 aldera gertatu zen. Gazte bat uretara erori zela eta urak eraman zuela jakitera eman zuen dei batek.
Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Polizia Nazionala eta anbulantzia bat bertaratu ziren.
Bestalde, 17 urteko gazte bat, hildakoaren anaia, erreskatatzea lortu zuten atzo. Anaiak bere burua uretara bota zuen umea erreskatatzeko saiakeran. Bilaketa lanetan suhiltzaileak eta Polizia Nazionala elkarlanean aritu dira.
Gurutze Gorriko kideak hildako adingabearen senideen ondoan. Argazkia: EFE