Gizartea -

Kalitatea

EAEko unibertsitateak, Estatu mailako rankingaren erdian

Ikerketa batek sailkapena egin du, non autonomia-erkidegoak agertzen diren sistema unibertsitarioaren kalitatea kontuan izanik; Euskadi hamargarren postuan dago, eta Nafarroan, aldiz, laugarrenean.

Nafarroako unibertsitateek, oro har, EAEkoek baino emaitza hobeak dituzte ikerketan. Argazkia: EiTB.
Nafarroako unibertsitateek, oro har, EAEkoek baino emaitza hobeak dituzte ikerketan. Argazkia: EiTB.
Nafarroako unibertsitateek, oro har, EAEkoek baino emaitza hobeak dituzte ikerketan. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko unibertsitateak, EHU publikoa, Mondragon Unibertsitatea eta Deustukoa, Estatu mailan egindako ranking baten erdian kokatu dute U-Ranking ikerketa argitaratu dutenek. Estatuko unibertsitateen kalitatea neurtzen du ikerketa horrek.

IVIE Ikerketa Ekonomikoen Valentziako Institutuak eta BBVA Fundazioak egin dute ikerketa hau, eta bertan 61 unibertsitateen sailkapena dago bilduta, alegia, sistemako % 95ena. Irakaskuntza, ikerkuntza eta berrikuntza eta garapen teknologikoa aztertu dute, zentro bakoitzean. Lanak sailkapena egin du, non autonomia-erkidegoak agertzen diren sistema unibertsitarioaren kalitatea kontuan izanik; Euskadi hamargarren postuan dago, eta Nafarroan, aldiz, laugarrenean.

EAEko hiru unibertsitateek erdietsi dute puntuazio bera (1); Pompeu Fabrak, esate baterako, 1,6 lortu du. EAEkoak, hortaz, seigarren postuan daude, eta Estatuko beste 11 zentro ere posizio horretan bertan daude.

Aurretik, puntuazio hobearekin, 23 unibertsitate daude, eta atzetik, puntu gutxiagorekin, beste 24. Ondorioz, EAEko sistema unibertsitarioa Estatuko batez bestekoaren azpitik dago, % 10ean.

Kataluniakoak, lehen postuetan

Sailkapen orokorreko lehen postuetan, Kataluniako hiru unibertsitate daude: Bartzelonako Pompeu Fabra, Bartzelonako Autonomoa eta Kataluniako Politeknikoa. Horien atzean daude Valentziako Politeknikoa, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Madrilgo Carlos III eta Nafarroako Unibertsitatea, pribatua bera.

Ikerketan beste sailkapen bat ere txertatzen da: zein emaitza duten unibertsitateek euren tamaina kontuan izanik. EHUk seigarren postuari eusten dio arlo horretan, eta Deustu, aldiz, 26. postura jaitsi da (0,5 punturekin). Mondragon Unibertsitatea 29. postuan dago (0,2 puntu).

Irakaskuntza-etekina eta ikerkuntza

Deustuk emaitza bikaina lortu du irakaskuntza-etekina neurtzen duen sailkapenean; izan ere, bigarren tokian dago, Ramon Llull unibertsitatearekin batera. Arlo horretan, Mondragon laugarren dago, beste 12 zentrorekin batera, eta EHU bosgarren kokatzen da; beste 17 zentrok ere EHUren puntuazio bera dute.

Ikerkuntzan egiten den lanari dagokionez, EHU zortzigarren postuan dago, beste 13 unibertsitaterekin parean; Mondragon Unibertsitatea eta Deustu hamargarren eta hamaikagarren postuetan daude, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza EHU berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea bideoak Nafarroako Unibertsitatea argazkiak Nafarroako Unibertsitate Publikoa albisteak Mondragon Unibertsitatea albisteak Nafarroako Gobernua berriak