Gizartea -
2015ean
9.604 pertsonak gizarte premietarako laguntzak jaso zituzten Nafarroan
Diru partidarik handiena, 960.136 euro (aurrekontuaren % 57), etxebizitza eta energia beharrizanak asetzera bideratu dute Nafarroako Gobernuak eta udalek.
Agentziak | Erredakzioa
Guztira, 9.604 pertsonak jaso zituzten Nafarroako Gobernuaren eta udalen gizarte premietarako laguntzak 2015ean. Foru Exekutiboak udalei urrian eman zien oinarrizko beharrizanak (etxebizitza, energia, elikadura, osasuna eta hezkuntza) asebetetzeko dirua.
Horietatik, 3.709 adingabeak ziren, Miguel Laparra Eskubide Sozialetako presidenteordeak eta Gema Mañu Gizarte Babeserako zuzendari nagusiak prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Guztira, bi milioi euroko aurrekontua izan dute erakundeek, gizarte premietarako laguntzak banatzeko. 1.569.480 euro Nafarroako Gobernuak gastatu ditu. Udalek egindako ekarpenarekin 1.685.474 eurora heldu dira.
Etxebizitza eta energia
Diru partidarik handiena, 960.136 euro (aurrekontuaren % 57), etxebizitza eta energia beharrizanak asetzera bideratu dute Nafarroako Gobernuak eta udalek.
Elikadurara eta osasunera (eguneroko elikadura eta higiene gastuak) 437.433 euro (% 26) bideratu dituzte; 96.488 euro (% 5,7) hezkuntzan eta gizarteratzean xahutu dituzte eta 191.415 euro (% 11,4) oinarrizko beste beharrizan batzuk asetzeko.