Gizartea -
Zirkulazio istripua
Zazpi pertsona hil dira Gironan, bi autoren arteko istripuan
Halaber, beste pertsona bat larri zauritu da. Ezbeharra N-2 errepidean gertatu da, Pont de Molins parean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zazpi pertsona hil dira eta beste lagun bat larri zauritu da Gironan, N-II errepidean, Pont de Molins udalerriaren parean izandako bi autoren arteko zirkulazio istripuan.
Jordi Jane Generalitateko Barne kontseilariak istripuaren eragile izan daitezkeen hipotesi nagusiak hizpide izan ditu eta "gehiegizko abiadura" jo du istripuaren eragile nagusitzat. Gironan eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, matrikula frantsesa zuen auto batek matrikula espainiarreko beste auto baten kontra talka egin du. Lehenengo autoan bost pertsona zihoazen eta guztiak hil egin dira; ostera, bigarren autoko hiru bidaiarietako bi hil egin dira eta hirugarrenak zauri larriak ditu.
Biktimak 19 eta 38 urte bitarteko pertsonak dira, Esquadra Mossoek eta Larrialdi Zerbitzuek berri eman dutenez. Matrikula frantziarra zuen autoan bost pertsona zihoazen: 19 eta 20 urteko pertsona bana eta 22 urteko bi pertsona. Dena den, oraindik ez dute lehendabiziko auto horretan zihoan bosgarren hildakoa identifikatzea lortu. Bestalde, bigarren autoan zihoazen hildakoek 31 eta 38 urte zituzten.
Istripua N-II errepideko 763. kilometroan gertatu da 06:20ak aldera.
Figuereseko Udalak bi dolu egun izendatu ditu zirkulazio ezbeharrean hildakoen omenez; izan ere, zazpi hildakoetako bi bertako bizilagunak ziren.