Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bat larri Almerian, bikotekideak su eman ostean

Ustezko erasotzailea, biktimaren bikotekidea, igande arratsaldean atxilotu dute. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

29 urteko emakumezko bat egoera kritikoan dago Almerian, ustez bikotekideak gasolinaz busti eta su eman ostean. Emakumeak gorputzaren % 80 dauka erreta. Ustezko erasotzailea, biktimaren bikotekidea, igande arratsaldean atxilotu du Poliziak. Halaber, adineko gizonezko batek zauri arinak egin ditu emakumeari laguntzera joan denean.

Almerian Gobernuak duen ordezkaritzaren iturriek Europa Pressi azaldu diotenez, gizona Retamar auzoan atxilotu dute, Almerian, eta Polizia Nazionalaren esku jarri dute. Erasoa jazo zenetik zegoen identifikatuta, eta haien bila zeuden; izan ere, ihes eginda zegoen larunbat gauetik.

Atxilotutako gizonak kondenarako aurrekariak zituen, tratu txarrengatik, iturri horiek eurek jakitera eman dutenez. Nabarmentzekoa da, halaber, emakumea VioGen sisteman erregistratuta zegoela, alegia, Genero Indarkeriako kasuen Jarraipen Osoko sisteman, eta aurretik ere erasoak zituen pairatuta.

Larunbat gauean

Espainiako Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, larunbateko 22:50ak aldera jaso dute abisua Almeria hiriko Vega de Aca auzoko txabola batean sua piztu dela esanez.

Sutearen tokira bertaratukoan, poliziek emakume bat aurkitu dute gorputzaren % 80 erreta. Erredurak bikotekideak eragin zizkiola kontatu zien emakumeak; halaber, gizonak bizikletan ihes egin zuela esan zien.

Emakumea Sevillako Virgen del Rocio ospitaleko Erredura Handietako Unitatera eraman dute.

Espainiako Gobernuak Almerian duen ordezkaritzaren arabera, emakumea Genero Indarkerian kasuen jarraipenerako sisteman erregistratuta dago. Iraganean, Poliziak ofizioz ikerketa abiatu zuen genero indarkeria delitu bat egon zitekeelakoan, baina ez zuen aurrera egin, emakumeak deklaratzeari uko egin ziolako.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Espainia albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea