Gizartea -

Elkarrizketa ETBn

Izaro Antxiak bere ametsa beteko du igandean

Izaro Antxia portugaletetarra futbol aretoko norgehiagoka ofiziala jokatuko duen lehen emakume transexuala izango da igande honetan.

Izaro Antxia ETB
Izaro Antxia ETB
Izaro Antxia transexualak neska gisa federatzea lortu du

1:58

Maider Beistegi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez zen albiste izan behar emakume batek 35 urterekin bere lehen futbol partida jokatzea. Baina, Izaro Antxia portugaletetarrarena albiste da, Estatuan lehen aldiz jokatuko duelako emakume transexual batek areto futboleko partida ofizial bat.

Datorren igandean, hilak 10, areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen Estatuko lehen emakume transexuala izango da bizkaitarra. Leioa Maia taldearekin jokatuko du, Bilbao Bren aurka, 17:30ean, Bilbon, San Inazioko udal kiroldegian.

ETBri eskainitako elkarrizketan esan duenez, pozari ezin eutsirik dago, borroka handi baten osteko lorpen handia delako: "Niretzat kirola nire bizitzaren zati garrantzitsu bat da. Igandekoa amets bat da, egi bihurtu den ametsa. Garaipenik handiena igandeko partida jokatzea da".

Martxoaren 30ean jaso zuen federazioan gainerako emakumeekin jokatzea ahalbidetzen dion NAN agiria. "Ez litzateke horrela izan behar, ez dakit zergatik izan behar dugun NAN agiria jokatu ahal izateko. Beste aukera bat egon beharko litzateke”, deitoratu du. Behin NANa aldatuta, gainerako agirien txanda izango dela aitortu digu Izarok: gidatzeko baimena, Gizarte Segurantza, ikasketa agiriak…."

Borrokalari amorratu da Izaro. Oraindik gogoan du, 10 urte zituela, eskolako entrenatzaileak zer esan zion: "Futbolean aritzeko balio ez nuela esan zidan. Nahi banuen, entrenatzera joateko, baina ez nuela partidarik jokatuko. Nire lagunekin entrenatzen jarraitzea erabaki nuen, eta 14 urterekin berriro saiatu nintzen. Lehen denboraldia txarra izan zen, baina bigarren denboraldia ona izan zen oso, eta lehen gola sartu nuen".

Aurten hiru taldetan aritu da, eta jolaskideen aldetik babes handia jaso duela dio. "Jendearen jarrerak asko egiten du, gauzak asko errazten ditu". Horren ildoan, bere ibilbide pertsonala kirol ibilbidea baino luzeagoa izan dela aipatzen du: "Betidanik nekien zer gertatzen zitzaidan, baina azkenean izena jarri nion. Une horretan, aukera asko dituzu. Nire kasuan, ez nuen onartu eta aurrera jarraitu nuen, onartu gabe".

Ingurukoen erantzunaz galdetuta, harro erantzuten du kirolari bizkaitarrak: "Nork bere prozesua igaro behar du, baina niri dagokidanez, nire inguruko guztiek onartu dute. Horrek indar handia eman dit eta ahaldundu egin nau".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa