Gizartea -
Bermeoko atun-ontzia
Eztabaida batek eragin omen zuen 'Txori Gorri' atun-ontziko jazoera
'Txorri Gorri' atun-ontziko segurtasun zaindari batek beste zaindari bat hil du, eta bere buruaz beste egin du ondoren.
eitb.eus
Datozen egunetan aberriratuko dituzte Seychelleetako uhartetik Bermeoko 'Txori Gorri' atun-ontzian atzo hil ziren bi segurtasun-zaindarien hilotzak.
Itxura guztien arabera, aipatutako segurtasuneko bi kideek eztabaida bat izan zuten euren artean. Gauzak horrela, ikerketen arabera, zaindarietako batek Juan Manuel Marchante tirokatu zuen, eta, ondoren, itsasontziko kabina batera sartu eta bere buruaz beste egin zuen.
Tripulazioko kide batek Facebook bidez zabaldu duen mezuaren arabera, sustoaren ostean denak ondo daude. Horrez gain, argitu du Bermeoko atun-ontzia ez zela noraezean ibili, baina bai, segurtasun modura, makina-gelan itxi zirela egoera lasaitu arte.
Segurtasuna itsasontzi barruan
2009. urtean armadoreek kontratu bat sinatu zuten Seguribérica segurtasun-enpresarekin, Indiako ozeanoan arrantzan dabiltzan atun-ontzietan segurtasun-pribatua jartzeko, Somaliako piratek bahitu ez ditzaten.