Gizartea -
Argibideetako Epaitegia
Kaleko dispositiboaren arduradunak deklaratuko du Cabacas auzian
Bi perituk eta duela lau urte gaztea hil zuen pilotakada bota zuten egunean, kaleko dispositiboan, furgonetan zeuden ertzainen arduradunak deklaratuko dute gaur.
Euskadi Irratia | eitb.eus
Iñigo Cabacas auzian, gaur bi perituk eta duela lau urte gaztea hil zuen pilotakada bota zuten egunean, kaleko dispositiboan, furgonetan zeuden ertzainen arduradunak deklaratuko dute Bilboko Argibideetako 10. Epaitegiko magistratuaren aurrean, Euskadi Irratiak azaldu duenez.
'Ugarteko' delakoak lekuko bezala deklaratu zuenean, gogor egin zuen horren kontra, bere jarduteko modua zalantzan jarriz. Atzo, 2.000 lagunetik gora manifestazioa egin zuten, justizia eskatzeko.
Asteburuko ekitaldiak borobiltzeko Iñigo Cabacas Herri plataformak manifestazioa egin zuen Bilboko kaleetan. Aldarri horrekin, 2.000 lagunetik gora bildu zuen deialdiak, tartean herritarrak, Athleticen jarraitzaileak eta baita Vallecasetik San Mamesera etorritako dozenaka jarraitzaile madrildar ere.
Guztiak ere kexu ziren lau urte ondoren ez dagoelako oraindik epaiketa zantzurik eta erantzule izan beharko luketenak zigorgabe daudelako egundaino. Horrekin batera, plataformak aireratutako manifestuan azpimarratu dute edonor izan zitekeela Ertzaintzaren pilotakada haren biktima.
Bertsotan adierazi dute justizia ?etengabe? eskatuko dutela eta ez dutela inoiz Iñigo ahaztuko.