Gizartea -
Lehen aldiz Araban
'Memoria Plaza' ekimen ibiltaria Gasteizera helduko da
Erakusketa ikusgai egongo da Andre Maria Zuriaren plazan apirilaren 18tik 24ra. Helburua lekukotzak biltzea eta azaltzea, eta memoria plural eta partekatu bat eraikitzea da.
Erredakzioa
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Aintzane Ezenarrok Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, Memoriaren Plaza Gasteizen izango duen programazioa aurkeztu dute. Honako hau izango da Arabako lurraldean egingo den ekimen ibiltari horren lehenengo etapa, bertan Arabako Foru Aldundiak ere laguntzen du.
Herritarrek parte hartzeko proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz. Erakusketa Vitoria-Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan, apirilaren 18tik 24ra izango da.
Aurkezpenean, Gorka Urtaranek azpimarratu du biktimen testigantza gizartera hurbiltzeak duen garrantzia. "Memoria plural bat eraiki behar dugu, ezin baitugu ahaztu memoria denona dela”, esan du. Horretaz gain, herritarrak gonbidatu ditu erakusketa ikustera, beraien testigantzak ematera eta erakusketaren inguruan egingo diren mahai inguruetan parte hartzera.
Honako gune hauek izango ditu erakusketak:
Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute.
Memoria plazaren aurrekariak
Memoriaren Plaza 2015eko ekainean hasitako ekimen bat da. Batetik, herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzean datza; bestetik, memoriari buruzko elkarrizketa bat hastea hainbat eztabaida taldeen artean. Lehen fasea amaituta, Gogora Institutuak memoria anitz horiek ikusgai egin eta zabaldu nahi ditu, bere lekukotza eskaini nahi duen ororentzako espazioak sortuz.