Gizartea -
Matrikulazioa
Sekula baino jarduera gehiago, EHUren udako ikastaroetan
180 jardueretako 23 euskaraz izango dira, eta 21, ingelesez. Donostiaren kultur hiriburutza eta errefuxiatuen krisia izango dira gai nagusietako batzuk.
eitb.eus
EHUko Uda Ikastaroak maiatzaren 19an hasi eta irailaren 30ean amaituko dira aurten, sekula baino jarduera gehiago ekarriko dituzte, 180 hain zuzen ere, eta horietako 23 euskaraz izango dira, eta 21, ingelesez.
Gaur goizean aurkeztu dituzte EHUko XXXV. Uda Ikastaroak BBVA Fundazioaren egoitzan, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Carmen Agoues, EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria eta Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordea bertan zirela. Azken hori da ikastaroen erakunde laguntzaile nagusia.
Besteak beste, ikastaroen nazioarteko maila azpimarratu dute, Donostiaren Europako Kultur Hiriburu izaera, errefuxiatuen krisiaren tratamendua eta Basque Yourself 1st International Summer School 2016 programa baliatuz.
Aurten, egitarauko 23 jarduera izango dira euskaraz, gehienak hezkuntzari lotutakoak, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte, hala nola: nola landu dolua eskolan, ikaskuntza kooperatiboari buruzko ikastaroak, euskaldunak Nevadan, sorkuntza eta oratoria ikastaroak, justizia konpontzailea, poesia eta ipuinak eskolan, etab.
Bestalde, hauek izango dira ikastaroetan parte hartuko duten izen nabarmenetako batzuk:
- Antonio Vitorino, Europar Batasuneko Justizia komisario ohia eta Lisboako Itunaren egile intelektuala
- Martin Kaplus, Kimikako Nobel Saria jaso zuen 2013an
- Juan Ignacio Cirac, Asturiasko Printzea Saria jaso zuen, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren alorrekoa
- Gerry Adams, Sinn-Feineko presidentea
- Esteban Beltran, Amnistia Internazionala elkartearen Espainiako sekzioaren presidentea
- Maria Angeles Duran, Soziologia Ekonomikoan aditua, Espainian Soziologiako katedra bat lortu zuen lehen emakumea izan zen.
- Pepa Bueno, SER irratiko kazetaria
- Miguel Angel Aguilar, Europako Kazetarien Elkarteko kazetari eta idazkari nagusia
- Xavier Querol Carceller, Ingurumen Babeseko Jaime I.a erregea Saria
- Daniel Innerarity, Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria
- Frieder Dünkel, Justizia Eraikitzailean aditua, Zuzenbide Penaleko abokatua eta Kriminologiaren Europako Elkarteko presidentea
- Carme Forcadell, Kataluniako Parlamentuko presidentea
- Adela Asua, Auzitegi Konstituzionaleko magistratua
- Juan Pablo Fussi, Historia Garaikideko katedraduna
- Bernardo Atxaga, idazlea
Matrikulazioa
Matrikulatzeko epea gaur bertan irekiko da, eta maiatzaren 31ra arte murriztua izango da. Gainera, hainbat taldek (ikasleak, jubilatuak,…) matrikula murriztuagoa lortu ahal izango dute izena emateko epe osoan, eta ostatu bekak eskatu ahal izango dira. Informazio guztia webgunean dago eskuragarri edo, bestela, Uda Ikastaroak Fundazioaren Idazkaritza Nagusira jo daiteke.