Gizartea -

84 urteko frantziskotarra

Azpeitian falta den 84 urteko gizona bilatzeko lanak, bertan behera

Emaitza faltagatik utzi dituzte bertan behera bilaketa lanak, baina hura aurkitzeko ikerketari eutsiko diote.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 3tik Azpeitian falta den 84 urteko frantziskotarra bilatzeko lanak bertan behera utzi dituzte, emaitza faltagatik. Dena den, gizona aurkitzeko ikerketari eutsiko diote, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintzaren mendiko erreskate taldea, urpekaritza taldea, Ertzainor unitatea (txakur unitatea) eta Ertzaintzaren helikoptero bat aritu dira gizona bilatzeko lanetan. Apirilaren 3az geroztik Odria, Izarraitz eta Oñatz auzoak, mendi inguruak eta Urola, Ibaieder zein Errezil ibaiak arakatu dituzte.

Atzora arte eutsi zieten hura bilatzeko lanei, baina, emaitza falta tarteko, bertan behera utzi dituzte lanok.

84 urteko frantziskotarra Azpeitiko Loiola auzoan ikusi zuten azkenekoz apirilaren 3an, hain zuzen ere, familia bazkari bat izan eta gero.

Bazkalostean senideei agur esan zien, eta Azpeitiko egoitza batean bizi den arrebari bisita egiteko asmoa agertu zuen, baina ez zen inoiz hara iritsi.

Gainera, frantziskotarra ez zen Tolosako fraide-etxera itzuli, eta haren furgoneta Azpeitiko Urola kalean aurkitu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Azpeitia albisteak Tolosa azken orduko albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak