Gizartea -
Epailearen aurrean
Gaur deklaratuko dute Tuterako hilketagatik atxilotutako hiruek
Foruzaingoak baieztatu du susmagarriak atxilotu dituela. Gazte bati lapurtzen saiatu ziren eta emandako kolpeen ondorioz hil egin zuten.
Erredakzioa
Gaur deklaratuko dute epailearen aurrean Tuteran ustez jipoia emanda gazte bat hiltzeagatik atxilotu dituzten hiru lagunek.
Javier Martinez Yort igandean Tuteran jasotako jipoi baten ondorioz hil zen gaztearen ustezko hiru erasotzaileak atxilotu dituzte udalerri nafarrean bertan, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Astearte arratsaldeko zortzietan izan zen lehen atxiloketa.
Gazte bati lapurtzen saiatu ziren hiru gizonezko eta horrek aurre egin zienez, jipoitu egin zuten. Kolpeen ondorioz, hil egin zen ordu batzuk geroago.
Krimenean parte hartzea leporatuta atxilotutakoak epailearen aurrera eramango dituzte datozen orduetan, Foruzaingoak komunikatu batean jakinarazi duenez.
Datorren larunbaterako, biktimaren lagunek kontzentrazioa deitu dute Tuteran justizia eskatzeko. Biktima edozein izan zitekeela salatu dute.