Gizartea -
Lan-ezbeharrak
Kartzela zigorra Lezoko enpresari bati, langile baten heriotzagatik
Gainera, enpresako lan-arriskuen prebentziorako arduraduna ere zigortu dute. Langilea makina batek harrapatuta hil zuen.
Erredakzioa
Lezoko (Gipuzkoa) enpresa bateko bi arduraduni urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diete langile baten heriotzagatik. Ebazpenaren arabera, enpresako administratzailea eta lan-arriskuen prebentziorako arduraduna dira bi zigortuak.
2007ko urtarrilaren 16ko 08:00etan gertatu zen lan-ezbeharra, emaztea eta bi seme-alaba zituen langilea makina batekin ari zen beharrean, eta makinako torloju batek heldu zuen eta "makinaren kontra kolpatu".
Ebazpenean agertzen denez, "makinak behar-beharrezko babes sistemarik ez zuelako gertatu zen" istripua, izan ere, "ez zituen torlojuaren gainean dispositibo egokiak".
Donostian egindako epaiketan, auziperatuak ados agertu dira Fiskaltzaren zigor eskariarekin, eta urte eta erdiko kartzela-zigorra eta 3.600 euroko kalte-ordaina ematea onartu dute.