Gizartea -
Polizia-operazioa
Bi lagun atxilotu dituzte Algecirasen EIrekin lotura dutelakoan
Atxilotuak bikotekideak dira eta atxiloketaren unean Marokora bidaiatzeko asmoa zuten, euren adingabeko umearekin.
Agentziak | Erredakzioa
Bi lagun, Marokoko herritar bat eta espainiar nazionalitateko bat, hartu ditu atxilo Guardia Zibilak Algecirasen, Estatu Islamikoarekin lotura duelakoan, Barne Ministerioak ohar bidez kaleratu duenez.
Atxilotuak bikotekideak dira eta adingabeko umearekin zeuden agenteek atxilotu dituztenean. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, Marokora bidaiatzeko asmoa zuten. Estatu Islamikoarekin lotura dutelakoan pertsona talde bat ikertzen ari zen Guardia Zibila, Ministerioak jakinarazi dutenez.
Ikerketak jasotzen duenez, "hainbat lagunek ekintza suizidak egin dituzte Sirian eta bertatik egiturako beste kide batzuekin harremanetan zeuden, horietako batzuei talde terroristan sartzeko eskatu zitzaien". Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuak azaldu duenez, taldeko horretako bat Marokoko herritarraren anaia zen, eta ekintza suizida batean hil da. Hain zuzen, Marokora joatekoak zirela hartu dituzte atxilo.
Droga eta material informatikoa atzeman dituzte Granadako etxebizitza batean
Guardia Zibilak droga eta material informatikoa atzeman ditu atxilotutako bi lagunek, ustez, legez kanpo okupatu zuten etxebizitzan; izan ere, aipaturiko etxea banku batena ei da.
Algecirasen egindako bi atxiloketen ondotik, goizaldean abiatu dute miaketa Granadako La Chana auzoko etxebizitza batean eta goizeko lehen ordura arte luzatu da.
Ikerketako iturriek berri eman dutenez, droga, telefono mugikorrak eta material informatikoa atzeman dute miaketan.
Badaezpadako atxiloketak izan direla esan du Espainiako jarduneko Barne ministroak
Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroak azaldu duenez, "badaezpadako neurri gisa" atxilotu dituzte gaur Algecirasen ustezko bi jihadistak. Haren esanetan, bikotea Espainiatik irtetera zihoala eta bikotekide baten anaia eraso suizida batean, Sirian, hil zela egiaztatu ostean egin dituzte atxiloketak.
"Espainiatik irteteko asmoak eta bikotekide baten anaia eraso suizida batean hil izanak atxiloketak azkartu ditu", azaldu du ministroak. Gaineratu duenez, gaur egun Espainian ezarrita dagoen 4. alerta mailaren eraginez areagotu egin dira prebentzio eta ikerketa lanak.
Bestalde, Espainiako jarduneko Barne ministroak nabarmendu du 120 atxiloketa egin dituztela alerta maila igo zutenetik.