Gizartea -

Saria

Agirresarobe eta Urmeneta, 2009ko euskal herritar unibertsalak

Zinemako argazki zuzendari eibartarrak eta Kukuxumusuren sortzaileak eskuratu dute saria Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Kutxaren eskutik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Agirresarobe zinemako argazki zuzendari eibartarrak eta Mikel Urmeneta marrazkilari eta Kukuxumusuren sortzaileak 2009ko Euskal Herritar Unibertsalaren saria jaso dute gaur Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Kutxaren eskutik, Gasteizko Lehendakaritzaren egoitzan egindako ekitaldi batean.

Julian Celaya Eusko Jaurlaritzako Atzerriko Euskal Elkarteen zuzendariak eta Juan Cid Euskadiko Kutxako Komunikazio arduradunak eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri Lehendakaritzan. Golardoa 1997az geroztik ematen dute euskal Exekutiboak eta aurrezki-kutxak.

Euskadiren irudia kanpoan zabaldu duten pertsona, elkarte edo euskal entitateak saritzea da golardo honen helburua.

Epaimahaia lehendakari izandakoek, unibertsitateko errektoreek, komunikabideetako zuzendariek eta gizarteko ordezkariek osatzen dute eta Agirresaroberi eta Urmenetari ematea erabaki dute, zinemaren eta diseinuaren bidez Euskadiren irudia zabaltzeagatik.

Sarituak

Agirresarobe Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen eta ibilbide profesionala 70eko hamarkadan hasi zuen. Bere izena klasiko bat bilakatu da zineman, Pilar Miro, Imanol Uribe, Montxo Armendariz, Fernando Colomo, Woody Allen, Victor Erice edo Alejandro Amenabarrekin egindako lanengatik.

Sei Goya sari irabazi ditu, 2004an Zinematografia Sari Nazionala bereganatu zuen eta zilarrezko Hartza Berlineko Zinema Jaialdian (Berlinale), Pilar Miroren Beltenebros filmagatik. Orain dela gutxi Luna nueva eta The road filmekin arrakasta lortu zuen txartel-leihatiletan.

Mikel Urmeneta Kukuxumuxu Marrazki Fabrikaren sortzailea da. 1989an Sanferminetako kamisetak diseinatzen hasi zen eta dagoeneko 60 herrialdetan barreiatu ditu bere lanak. Nazioartean lortutako sona eta Microsoft, Medicus Mundi edo Fournier bezalako erakundeekin izandako lankidetzak aintzat hartu ditu epaimahaiak.

Sarituak "Euskadi ordezkatzeagatik ondratuta" direla adierazi du Julian Celayak. Golardoak uztailaren 1ean emango dituzte Lehendakaritzan eta Patxi Lopez lehendakariak ekitaldian parte hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea