Gizartea -
Valladoliden
Kartzela-zigorra ETAren izenean 'iraultza zerga' eskatzeagatik
Auzipetuak bikotea dira eta bi urte igaroko dituzte kartzelan zenbait enpresaburu abeltzaini estortsioa egiteagatik 2007an. 150.000-200.000 euro artean eskatzen zizkieten.
Erredakzioa
Valladolideko Auzitegiak bi urteko kartzela-zigorra ezarri die, 41 eta 39 urteko Palentziako bikote bati, zenbait enpresaburu abeltzaini ''iraultza zerga'' eskatzeagatik eta heriotza mehatxuak egiteagatik, ETAko kideak direnaren planta eginez.
Atxilotuek eginikoa aitortu dute eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman ostean, hasieran 3 urteko zigorra izango zena 2 urtetan utzi dute bakoitzarentzat.
Bikoteak enpresarien datu pertsonalak ezagutzen zituen, haietako batek Palentziako Hiltegian lan egin baitzuen zaindari bezala.
Ikerketak 2007an hasi ziren enpresariek estortsioak salatu ostean. Haien etxera gutunak eta telefono deiak heltzen ziren 150.000-200.000 euro arteko diru kopuruak eskatuz.
Gutunek faltsututako Bilboko posta zigilu-marka eta ETAren anagrama zeramaten.
Atxilotuen etxebizitza arakatzerakoan, Poliziak, gutunak egiteko erabili zuten ordenagailu bat, simulatutako pistola bat, 50 euroko 34 billete faltsu, fotokopiagailu bat, enpresarien helbide eta telefono zerrenda eta beste pertsona batzuen NAN fotokopiak konfiskatu dituzte.