Gizartea -
Trafikoa
Hildako bat eta zauritu larri bat Erandion, zirkulazio istripu batean
Istripua goizaldean gertatu da BI-711 errepidean Getxorako noranzkoan.
O.A. | EITB.EUS
45 urteko Erandioko bizilagun bat hil da igande goizaldean Erandion izandako zirkulazio istripu batean. Halaber, beste lagun bat larri zauritu da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 02:20an gertatu da ezbeharra BI-711 errepidean, Erandion, Getxorako noranzkoan.
Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, istripua izan duen Ferrari 456 GT autoa errepidetik atera da eta farola baten kontra jo du.
Ezbeharraren eraginez, barruan zihoazen bi lagunak harrapatuta gelditu dira eta Bizkaiko suhiltzaileek atera behar izan dituzte.
Behin ibilgailutik aterata, larrialdi zerbitzuek larri eraman dute gidariaren albokoa Gurutzetako ospitalera, Erandioko 46 urteko bizilaguna. Bestalde, ezin izan dute ezer egin gidaria suspertzeko.