Gizartea -
Bilbo
Uretamendin izandako sexu-erasoa gaitzetsi dute ehunka lagunek
Lanera zihoala, sexu-erasoa pairatu izana salatu du 62 urteko emakumezko batek. Erasoa duela zortzi egun jazo da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Duela zortzi egun 62 urteko emakume batek pairatutako sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, Uretamendi auzoan.
Biktimak sexu-erasoa salatu zuen igande goizean Ertzaintzaren aurrean, eta handik gutxira, ustezko erasotzailea identifikatu, inputatu eta psikiatria-zentro batean sartu zuten.
'Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez' lelopean egin dute isilpeko elkarretaratzea, 13:15ak pasata, eta 30 minutu iraun du. Ehunka lagunek parte hartu dute, tartean, auzo horretako bizilagunak eta Bilboko Udaleko zinegotziak.
Hain justu, Itziar Urtasun Berdintasunerako, Kooperaziorako eta Elkarbizitzarako zinegotziak erasoa gaitzetsi du, eta aitortu duenez, "zoritxarrez, emakumeak beldurrarekin irtetzen dira kalera, eta ez litzateke hala izan behar".
Jazotakoari gaitzespena adierazteko adierazpena onartu zuten Udaleko Talde Politikoek joan den ostiralean, eta "elkartasun osoa" adierazi zioten "emakumezkoari eta horren senideei".
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.