Gizartea -

Epaiketa Bartzelonan

Gomazko pilota batek zauritu zuen Quintana, auzitegi-medikuen arabera

Defentsaren tesia baztertu dute, horrenbestez, adituek.

Quintanak begia galdu zuen manifestazioan. EFE
Ester Quintana. EFE
Quintanak begia galdu zuen manifestazioan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012ko azaroaren 14an deitutako greba orokorrean izandako manifestazioan, begia galdu zuen Ester Quintana manifestaria gomazko pilotakada batek jota zauritu zen. Hala ebatzi dute emakumea artatu zuten auzitegi-medikuek, eta horrela berretsi dute bi mossoren kontra Bartzelonan egiten ari diren epaiketan.

Instrukzio epaileak aditu talde baten esku utzi zuen Quintanaren zauriak ikertzea. Adituok eta manifestazio ondoren artatu zuten medikuek deklaratu dute gaur.

30 urteko eskarmentua dute auzia ikertu duten auzitegi-medikuek eta erantzuna erabatekoa izan da: Quintanak gomazko pilota batek jota galdu zuen begia, izan ere, begia lehertuta izateaz gain, inguruko betzuloa apurtuta zuen.

Bestalde, adituen esanetan, Quintanaren lesioak ez ditu eragin doitasunezko jaurtigai batek (material biskoelastikoz eginda daude, eta plastikozko oinarria dute lotuta). Horrek, beraz, ahuldu egiten du defentsaren tesia, manifestaria agian horrelako munizio batez zauritu zela argudiatu baitu.

Quintana artatu zuen oftalmologo batek gaineratu duenez, "nekez sinestekoa" da gomazko pilota baten diametroa baino gutxiagoko objektu batek lesioa gauzatu izana. Gomazko pilotek 50 milimetroko diametroa dute, eta doitasunezko jaurtigaiek, aldiz, 40; gainera, "lodiera" ezberdina dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona albisteak Gizartea Albisteak Medikuak