Gizartea -

Nafarroan

Bost urte, ahalmen-urriko emakume bati sexu-abusuak egiteagatik

Biktimak, kondenatuaren emazte ohiaren lehengusina bera, % 68ko elbarritasuna du aitortua, adimen-desgaitasunagatik. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak 41 urteko gizon nafar bati bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio; izan ere, kondenatuak sexu-abusuak egin zituen bere emazte ohiaren lehengusinaren aurka. Biktimak, 37 urtekoa bera, % 68ko elbarritasuna du aitortua, adimen-desgaitasunagatik.

Halaber, gizonak debekatua izango du biktimari haren helbidean, lantokian, edo maiz joaten den leku batean 300 metro baino gutxiagora gerturatzea, bai eta komunikaziorik egitea hiru urtean. Halaber, prozesu-kostuak ordaindu behar izango ditu, eta biktimari 30.000 euro eman beharko dizkio, indemnizazio moduan.

Epaian (ez da irmoa) frogatutzat jotzen dute akusatuak harreman "ia familiakoa" zuela biktimarekin, alegia, emazte ohiaren lehengusinarekin. Emakumeak adimen-desgaitasuneko % 68ko elbarritasuna du, eta auzipetua elbarritasun horretaz baliatu zen bere sexu-nahia asetzeko.

Sexu-abusuak, 2013an eta 2014an

Epaian, biktimak jasandako sexu-abusuak zehazten dituzte, hala nola bere urtebetetze batean, akusatuaren garajean edo kalean. Gainera, auzipetuak telefono-mezuak eta argazkiak bidaltzen zizkion, eta, ondorioz, biktimak egokitzapen-asaldurak pairatu ditu; erreakzioan, antsietatea eta depresioa izan ditu.

Auzitegiaren iritziz, frogatuta dago nola gizona, neskaren elbarritasuna ezagututa, "horretaz baliatu zen", hiru sexu-abusu egiteko. Hiru horietatik, bi gauzatu ziren, eta bestea saialdia izan zen; denen xedea izan zen "sexu-nahia asetzea".

Erasoak 2013ko azaroaren 25an, 2014ko maiatzaren 7an eta 2014ko maiatzaren 11n jazo ziren.

-------------------------------------

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Indarkeria matxista Espainian Albisteak Nafarroa Albisteak