Gizartea -
Ezkabarte
Atzo desagertu zen emakume bat hipotermiarekin topatu dute Arren
Antza denez, emakumea desorientatu zen, eta okerreko autobusa hartu zuen. Nafarroako ospitalera eraman dute.
E. Lotina | eitb.eus
Atzo arratsaldean desagertu zen 76 urteko emakumea goizaldean aurkitu dute Arreko (Ezkabarte) industrialdean, Nafarroako Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez.
Emakumea 05:00ak aldera topatu dute. Hipotermia zantzuak zituen eta Nafarroako ospitalera eraman behar izan dute.
Cordovillako suhiltzaileek, Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta Antsoain, Barañain, Burlata, Iruña eta Atarrabiako udaltzainek parte hartu dute bilaketan.
Okerreko autobusa
Desagertuaren senide batek Nafarroako larrialdi zerbitzuari abisua eman zion atzo 21:30ean. Emakumea desorientatu zen, eta okerreko autobusa hartu zuen. Belosoko aldapa inguruetan galduta zegoela uste zuen senitartekoak.
Bilaketa lanak inguru horretan hasi ziren, baina Iruñerriako iparraldera eta senideen etxebizitzetara zabaldu zen ondoren. Azkenik, Arreko industrialdean aurkitu zuten.