Gizartea -
Bira 2011ko udazkenean
Michael Jacksonen omenez emanaldi bat sortuko du Cirque du Soleilek
Zirkua Jacksonen testamentu-betearazleekin ados jarri da egitasmoa martxan jartzeko. 'Poparen erregea'ren senideak "gustura" dira, zirkuak Jacksoni "omenaldia" egin nahi diolako.
Erredakzioa
Michael Jacksonen abestietan oinarritutako emanaldi bat sortuko duela iragarri du gaur Cirque du Soleil konpainiak, hildako ''poparen erregea''ri omenaldia egiteko, enpresaren atarian argitaratutako komunikatu baten arabera.
Zirku abangoardista Jacksonen testamentu-betearazleekin ados jarri da egitasmoa martxan jartzeko. Bi aldeek gastuen eta mozkinen % 50 banatuko dituzte.
Katherine Jackson artistaren amak azaldu duenez, familia "gustura" dago, zirkuak Jacksoni "omenaldi garrantzitsu bat" egin nahi diolako.
Emanaldia 2011ko udazkenean bira bat hasteko prest izango dutela adierazi du zirkuko zuzendaritzak, eta 2012ko amaieran ikuskizun finko bat martxan jarriko dute Las Vegaseko (Nevada) MGM Mirage kasinoan.
Guy Laliberte zirkuko sortzailearen ahotan, egitasmo hau "desafio handia" da eta aurretik egindako ikuskizunekin alderatzea ezinezkoa izango da.